Ditxaren bitartez
Aresti, Gabriel
Besarkada eder batez
orain juntatu gara;
horregatikan nintzen
igan zeruetara.
Gertatu nahi dut
egiazko aldara;
badaukagu nun para.
Ezkontza berri bat
dezakegun prepara.
Haizeak berak dauka
barrenean ikara,
etortzekoa delako
orain gure elizara.
Mundutarrek adoratu
bagaituzte ere, nola
suntsituko da gure
maitasunaren zola?
Oneriztea da
guretzako kaiola,
eta burnizko bola;
bihotz berriotan
dirakien odola,
eta paradisuan
sustraitu den arbola.
Gainerakoak eztigu
ezergatik ajola.
Ahatzi dugu guztia
lurrean genkiena:
Ni ta zu hitzak, eta
gurea ta zuena;
larruko laketa
ta amaren ditiena:
Maria Matxalena,
Maria Birjina;
azpikoa, gorena.
Orain bat gara biok:
Adarra ta txortena.
Arraza berri bateko
animali lehena.
|