inprimatu
Dan Turrell
Izenburua:
Dan Turrell
Sinadura:
Dan Turrell
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Joanes Urkijo)
Egilea(k):
Urkixo, Joanes

Turrell, Dan

Argitalpena:
Ttu-ttuá.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
0,1.zk.
Orrialdea:
14-15

Dan Turrell

 

Dan Turrell

 

euskaratzailea: Joanes Urkijo

 

         Kopenhagen arturratzen duenean altzairu tximurtuzko urdin goibela da

 zerua, eta kaleratzen diren lehenengoek begiekin ulertzen dute kale artez eta

 zuzen haiek ez direla jadanik aintzina izandako mundu osoko hippien satorzuloa,

 hiriburua, Christiania, gaur egun hiltzeko zorian polizia sozialdemokrataren

 setioak itota. Christianian ez da hippyrik geratzen, gehien bat ezkondu eta

 orain udako musikaldietan baizik ez dira azaltzen, burusoil, tripaundi, haurrez

 inguraturik baina beti bezain hash-pipa luzeetatik erretzen. Ez, hippien

 Christiania groenlandiar mozkorti eta atzerritar ezlegalez beteta dago gaur

 egun.

         Baina gainontzekoaren bezainbatean ezer gutxi aldatu da: nola gure

 artean kaleak taberna-hilara amaigabeak diren, hala Kopenhagen ere edozein era

 eta gustotarako sex-shops aurkitzen dira, han fotonoelak, giza neurriko

 panpinak, kateak, kremak etabar luze bat eros daitezkeen dendak. Eta zeure

 kaisa egin beharrean sexubidea gureago baduzu, kalean bertan eskainiko dizute

 prezio zerrenda bat aukeratzeko, eta azkenean txinatar jatetxe baten ondoko

 atari zehar eta zikin batek irentsiko zaitu infernu pobre eta kaskar bateko

 ahoa balitzan, espaloian jezarrita dauden lagun pare baten begirada antsikabeek

 jarraitzen dizutelarik. Behin betiko desagertu zarenean heuren adia eskutartean

 daukaten botilara itzuli da... edo beharbada, litekeenago, goilarean prestatzen

 ari ziren txutera. Eta prest daukatenean, larru azpian oraindik beldur pittin

 bat geratzen baldin bazaie orube edo atari ilun batera sartuko dira xiringa

 zainetan lasaigoan jostera, harik eta igoaldia heltzen zaienera arte. Geroago,

 beti legez, deslai abiatuko dira kalean barrena zer egin ez dakitela edo agian

 ezer egiteko gogorik gabe, bueltaka, noraezean, heuren barrukoak suak hartu

 dituela eta orain gelditzea erabat ezinezkoa litzateke eta. Horrelaxe

 jarraituko dute jeitsialdia heldu arte, eta ondoren ezinegonak kafetegiraino

 gidatuko ditu artezean, han kafe bana eskatu eta jezarri egingo direlarik

 azkenean, orduz geroztik hurrengo txutea itxarotea beste egiterik ez bait dago.

         Orduantxe sartuko da tipo arrotz hori, hegal zabaletako kapeladuna,

 berrogei urte ingurukoa. Inori begiratu gabe jukeboxera hurbildu eta segur aski

 aspaldiko Jerry Lewis-en kanta bat aukeratuta, garagardo bat eskatu eta junkien

 aurrez aurre jezarriko da.

         Tipo honek Dan Turrell izena du, eta bizirik dirauten hippy

 gutxienetakoa da. Jakina, ilea aspaldi moztu zuen baina gogoa orduan bezain

 garbia darama oraindik. Bere sekretua, Allen Ginsberg, Timothy Leary, Gregory

 Corso, Hammet eta Chandler etengabean irakurtzea, Humphrey Bogart-en filmeak

 gogoz ikastea, eta era askotariko musikak entzutea: Rolling Stones, Bill Haley,

 Lou Reed, John Cale, Grateful Dead eta batez ere jazz. Horrela ez beste inola

 uler daiteke nola bere hogei bat poesia bildumei (Arena,1971; Edozeri buruzko

 eskuzkribuak,1972; Karma-Cowboy,1976; Alhambra,1980, etabartxo) azken urteotan

 kriminoela batzu erantsi dizkien: Erahilketa Maltan,1982; Erahilketa

 ilunpean,1983...

         Dan Turrell oso hospetsua da Danimarkan, eta gehienek arlotada eta

 bitxikeria guztiak barkatzen dizkiote halako liburu gozoen truke. Gaur egunean

 ere, ikusi duenaren eraginaz, jabea den «Kafé Sommersko» edo «Dan Turrell»

 kafetegietan jezarri, bere aspaldiko adiskide hash-pipa piztu, eta itzuli

 ondoko poema idatziko du birritan hausnartu gabe:

 

Junkiea kafetegian

 

 Hortxe zegok jezarrita

 horko hori bai

 junkiea duk

 txitxildutako begi baredun hori

 hortxe zegok kafe kikara batekin denborapasa

 plastikozko aulki batean jezarrita

 hurrengo txutearen zain

 edo agian bere kontaktua etorriko delakoan

 horko hori bai

 bere betseinetan ikus zitekek

 baita bere higidura mekanikoetan ere

 txute batetik bestera bitarteko orduak zenbatzen dizkik

 eta segur aski xiringa ohe azpian ezkutzatzen dik

 ezin duk junkiea zer den imajinatu, ezta

 izugarri zaila, txo

 beti noraezean arrastaka materiale bila

 zigarroak beti eraman beharra

 edo homosexualen eguneroko baselina baino gogorragoa

 beti diru guztia gramo eta kapsulatara itzultzen

 eta sekula ere ez kontuak borobiltzeko adina

 zainetarako bero kimikoa egun batetik bestera

 garestitzen bait da

 begira nola egiten duen hatz

 sumindurik zeukek larru guztia

 ahal balu bere gorputz barrutik egingo likek ihes

 jeitsialdian zegok

 frijidurazko usain barreneko jeitsialdian

 egia aienatzen deneko zola gaineko ezoreka gor eta

 kulunkari horretan alegia

 eta gero dardarak

 baina ez duk ordua oraindik

 laster bai komunera joango zaiguk noski

 hain duk iraingarria komunerako bidaiatxo hori

 txute bat hartu behar den bakoitzean

 baina ohiturazko arazoa azken batean

 eta bera ohituta zegok

 hortxe zegok zain

 bere aurrean marmarka zebilek kamareroa

 garagardoa eta saltxitxak erosteko hilaratik

 saiheskara begira zeukek jendea

 tipoa besterik gabejezarrita bait dago

 heroinazko aura batean

 baten bat egunkaria irakurtzen zegok

 zenbait haurrek izozkiak erosi dizkitek

 eta junkiea ez duk higitzen

 bere egunkaria begirada bait da

 izozkirako nahikoa zeukek mihiarekin

 kamareroaren begiak taberna osoa ari dituk ekortzen

 eta erlojua minuturik minutu zioak aurrera

 une batez zabalik ireki dizkik begiak

 bere buruari non dagoen erakusteko edo

 eta gero irrist egin zaizkiok berriro

 bapatean ezinbesteko bihotz zimikoak asaldatu duela-eta

 hauxe bai eguneroko junkie-xoua

 kontuak atera dizkik behin bat gehiago

 bazekik zenbat materiale geratzen zaion

 eta txutatzeari betirako uztea erabaki dik

 orain ez duk berriro heroinak helduta ibiliko

 gero eta garestiago eta gogorrago bihurtzen ari bait da

 eta gainera indar guztia xurgatzen dik

 akaboa

 bihardanik aurrera hasieratik hasiko duk

 bihardanik aurrera agur txutatzeari

 eta horrexegatik zeukek gaur dosis bikoitz ekstra

 baterako eskubidea.

 

 


inprimatu