Langilearen lotsa
Iturbe Balda, Martin
Burdin gogorraren
hauts-txirbilez
zikinduak
daramatzat,
langile izatea
beste errurik
ez duten
esku geldigaitzak.
Lotsagarri
jo nuen
nere soin
langile,
nekatua,
jauntxo berrien
atari garbietan.
Nere senidea
soiñeko berriz
eta esku legunez
harro harro
ikus nuenean,
negarrez
itzuli nintzen
etxeko sukalde
berora.
Amak,
bere altzo xamurra
eskainiz,
eguzki dizdiratsu
zirela
esku langileak
esan zidan.
Orduz geroz,
lotsaz lehertzen zait
aurpegia,
gizaki alfer
eta geldoaren
esku txuriak
burdinez
zauritu gabe
ikustean!
|