Mailu batekin
Aresti, Gabriel
Errege Godoak.
Zuri, Dallas,
emanen dizut arrazoia,
gaurko Gomorra,
Palmira berriztatua,
Samarkanda tristea,
Eldorado zikina,
zuri,
legerik gabeko hiria,
saloonetan unaiak,
hemen emagalduak dira oso
andre prestuak,
lapurrak Jainkoaren izena darama
ahoan,
sazerdoteak
(kristau, judu, mahometano),
merkataritzatik ateratzen ditu
korritu onak,
gizon prestuak kondenatzen dira
judiziorik gabeko heriotze batera,
ikusgarria da hemen
bidegabea,
hitz bitan,
lur honetatik
munduko beste edozeinera
ez dago
alde haundirik.
Profezi-liburu zahar batean irakurria.
Eta zu, Treberis,
benedikatua izanen zara,
munduko
hiri guztien
artean,
zure sabeletik jaioko
baita...
Hibai zabal.
Hibaiek
erabaki hartzen dute:
hemendik.
Eta handik
ez dira mugituko.
Edo handik
mugitzen dira
geldi,
eta noizean behin
hasarraturik,
azkar,
itsasora.
Ni,
itsaso bat banenduka,
nora noan
banenki,
hibaia
banintz...
Ai, ene tristea!
Nora eta nundik
noan
ez dakidana...!
Harrika hildako Mitxeleta.
Pausa pilinpan,
pinpilin pausa,
txola txoleta,
mari txoleta,
mauri txeleta,
zer bidegabe kometitu huen,
hik,
koloretako mitxeleta,
baldin,
jada jaiorik,
(baina nori eskatu hion jaiotzeko
baimenik?),
lore baten gainean...
pausa...
bi pausa...
pausatu...
ba...
hin...?
tzen...?
Nola jakinen huen
lore hura
konkretuan landaturik
zegoela?
Uia Apia,
Zugarramurdi,
Dachau,
Gernika.
Ai, ene fede apurraren,
706.755 egunekin
jaioa,
eta
10.646 egun geroago
bir
hila!
Kripto ta kripto,
ni,
kristograma!
|