Mailu batekin (Poesia-bilduma laburretik)
Aresti, Gabriel
Mikel Arrutza jaunarena:
HORRI ETA URRI (Poema ttipia).
Gabriel Aresti eta Juan San Martin, ene adiskide minei.
Ilundu zait - eguzkia; - gaba dut - lagunkide; - dezadan
nunbait estal - nire ames eroa.
Altos Hornos'ko - argia - zeruan - dut ikusten; - argi ma-
darikatua! - zeinbat gizarajo - dituzu - ondatzen.
Gizonak al dira? - esklaboak ote?, - edo ta, - arima bako -
animaliak?
Altos Hornos - argi dut; - giza-esklaboak, - obreru gai-
zoak, - badijoaz umil - lantegietaruntz.
Eskuan otzarak, - aietan gosea; - begira - zerura... - be-
gira - lurrera... - Seme-alabak - etxean, - gosakide, ausaz; -
emazteak, berdin, - zer janik - balute - jango luketela.
Illundu zait berriz - eguzkia. - Errekaldeberrin - nago
orai, - zer ikusten dut - emen, - alegia? - Gizon ta emaku-
me - neska eta mutil, - atzerri jendia; su al da - au, gure
erria?
Automobillak - ugari, - autobusak eta trolebusak; - aparka-
tzeko - tokirik ez. - Problema tremendoa, - gure gaurko -
problema au! - Nun aparkatuko - ote gera - laister - eus-
kaldunak?
Errekaldeberrin - ezta guretzat - tokirik gaur; - beste
Errekaldeberriren bat - topatu bearko. - Nun baiña? - Eus-
kalerrian ez. - Gure erria - galdua baita - euskaldunentzat. -
Lurrez aldatu - bearra dugu, - Euskalerriko - semeak.
Au da egungo - poesi berria; - leenagoko - poetak - ez dira -
gauza. - Tentelkeri - utsak - baizik - etzituzten - esaten -
leenagoko - poeta - zaharrak.
Ut, ortikan, - kantari ergelak! - bide berrietan - sartuak -
gera - gaur, gizonok.
Orai bai, - orai - egiten ditugu - benetako poesiak, actua-
lidades (sic) - bestiturikoak.
Baskuentze - klaroan - ari gera - gaur, - olatu berriko -
Beatles - gazte - ulesapa - luzeak.
Kitarra - elektrikoarekin - ekingo diogu - kanta berriak -
kantatuz - eta - gorputzarekin - mobimentu - modernuak -
egiten.
Au ikusten - dutenean, - leengo erako - poeta - kaxkarrak, -
lotsatuta - geldituko dira.
Bazan - bear izana, - gure baskuentze - hermosoa - salba-
tu - nahi - badugu, - bide ortara - jo bearko - dugu.
Bijoaz - zorionean, - atzoko - txotxolokeriak, - betoz -
ordu onean, - actualidades (sic) - adornauriko - ideia -
berriak.
Populuak - artuko ditu - bai, - kontentuz - beterik, - gure
modernismoak - eta - utziko - betiko - oskurantismoa.
Munduan - eztago - baskuentze - modernu - su baiño -
idioma oberikan.
Preparatuak gaude - gaurko - gazte - beatleszaleak, - Bas-
koniako - idioma guzia - erderazko bokabloz - betetzeko.
Ori izango - dugu - benetako - baskuentzea.
Klarki - konprenituko - digute - geroko jenerazioak, -
eta - orrela - salbatuko dugu - bai, - gure idioma - maitea.
Eztugu - bear - leengo - Euskaltzaindirik, - Akademia -
Baskongadea - zabalduko dugu - orai, - eta - berau - iza-
nen da - guzion - gidari - bakarra.
Aupa baskongaduak! - saludatu dezagun - ezkerraldetik -
datorren - argi berri - su!
***
I
INTXINA
(Sei boz nahastautan kantatzeko koro-poema).
Andoni Arregi jaunaren musikarekin.
Gorbeian galdurik
Ibilli gara
Barruan sarturik
Daukat ikara.
Ai! Ai gure!
Iretargiak emoten deusku
Pena garratza ugari
Mendi onetan ikusten doguz
Atxarteak edonundik
Arbolarikan bakartadean
Ez da ezelan agiri.
Ai! Ai gure!
Sentimentu barik
Daukat biotza
Lañoak bakarrik
Au da mingotsa.
Ai! Ai gure!
Galdu garean arrizko lurrak
Izena dauka Intxiña
Tristura ori etzeunke izango
Emen galdu ezpaziña
Orain daukaguz lañoan eta
Illunpean milla griña.
Ai! Ai gure!
Besarkada baten
Lokartu gara
Igon gura dogu
Zuruetara.
Ai! Ai! Ai! Ai Gure! Gure!
II
Eta zu, Treberis,
benedikatua izanen zara,
munduko
hiri guztien
artean,
zure sabeletik jaioko
baita...
IV
Kantabriako
itsasora zoazten
urak,
Altube, Okendo, Nerbion,
Aialako lurra,
behin euskalduna,
orain lur erdalduna,
Urkabuztaizetik Laudiora,
garbi ezazue,
Orduña ere,
Gernikari lotua,
garbi ezazue
Bizkaia Gaztelatik gordetzen
duen
lurra,
Lezama, Amurrio, Baranbio, Tertanga,
Sojo, Sojoguti, guti ezagutua,
Respalditza, Luiando, Artziniega, Retes biak,
Dubiris, Areta, Aginaga,
ezer
ezten
lurra,
gizon gaiztoa,
hemen ezta entzuten
zozoen kantarik,
hemen entzuten da
gizonen
biroa,
arnegua,
hemen,
konterri honetan,
Aialako lurrean,
Arrastaria, Izarra, Gordeliz, Llanteno,
Lujo, Beotegi,
Larrinbe, Delika,
gizonak hiltzen eta lapurtzen du,
mesedez,
ur lasterrak,
lehen garbiak,
orain zikinak,
eraman zazue itsasora
lur honetan gizon urrikariak
egiten duen
hainbeste
gaiztakeria...
V
Konterri honetan
gizonak
asko sufritzen du,
lanean hari da
gogorrik,
apenas etzaten da
andrearekin,
erregular irabazten du
dirua
fabrikan eta gero
soloan makurturik,
prestuki bizi da
hogei urtean,
eta azkenean
aire gaizto batek jotzen dio burua
eta
aita zaharra edo alaba gaztea hiltzen du
merke,
hain luzaro
kario
kopetako izerdiarekin mantendu
ondoren.
Hauk dira hitzak
lurrari esaten dizkiodanak,
lurrean bizi baita gizona,
eta ur lasterrek ezpainaute obeditzen
Altube, Okendo,
Nerbion,
gizonaren gaizki egina
eztuzue erredimitzen,
erremediatzen.
Aialako lurra,
etzara zu Bizkaia,
etzara zu Gaztela,
lepoan Orozko,
sabelean Losa,
zure buruaren gainean
dago
Bilbo,
Bizkaiko itsasoa hurbil dago,
sei legoara,
Bizkaiko itsaso bildurtua,
Aialako lurra,
lur odoldua,
Luiando,
Laudio,
Lezama,
Amurrio,
Untza,
jeografia txikia,
historia luzea,
askotan
ikusi dut
hemen,
elizatik etxera,
fabrikatik solora,
tafernatik kalera,
Aialako
gizon gaiztoa,
azkenean Jainkoak
barkatuko
duena...
VII
Zuri, Dallas,
emanen dizut arrazoia,
gaurko Gomorra,
Palmira berriztatua,
Samarkanda tristea,
Eldorado zikina,
zuri,
legerik gabeko hiria,
saloonetan unaiak,
hemen emagalduak dira oso
andre prestuak,
lapurrak Jainkoaren izena darama
ahoan,
sazerdoteak
(kristau, iudu, mahometano)
merkataritzatik ateratzen ditu
korritu onak,
gizon prestuak kondenatzen dira
judiziorik gabeko heriotze batera,
ikusgarria da hemen
bidegabea,
hitz bitan,
lur honetatik
munduko beste edozeinera
eztago
alde haundirik,
IX
Kristo-zalea naiz.
Bera gerra ekartzera
etorri baitzen,
eta bakeak
euskerari
kalte egiten
baitio.
X
Lur hau usteldurik dago;
arrosaren lau puntuetatik
doakio usaina.
Lamiak eta zikoiniak,
Italiako uzinetako ziminiak,
Uzbekistaneko kolkozak eta zeukozak.
Sinan arroza lantzen doten andreak.
Tasmaniako inguruko balea zuriak,
Lima ondoko kristau gaztelauak
eta indio deskristauak,
eguzkia eta ilargia,
artizarrera doazin misilak,
Antiokian bizi den sefardi buru motz bat
eta Mikel Anjeloren Moises erraldoia,
aguro joaten dira
edonora,
lorategietara edo zimaurtegietara,
baratzetara edo komunetara,
amodioetara edo arbuioetara,
kirats zakar hori
ez sentitzeagatik.
Kontaera bat,
ipui xinple eta llabur bat
esanen dizuet
zueri,
Erromako apezpikuari,
Kanterburiko dekano jaunari,
Indiako jauregi baten bizi den Tibeteko lama urrikariari,
lehengo egunean Matxinbentan ikusi nuen sarjentari,
Sorterriaren ongilearen gorputz usteldu gabeari,
herriaren hautaeratik
Berlinera
iganikako
kantzelorearen
bibote motzari,
herriaren hautaeratik
Etxe zurira
jatsirikako
presidentaren
kalbo zabalari,
orori, bai, orori,
ipui triste bat,
langileen izerdiarekin,
andre pobreen erditzetako odolarekin,
askoren gosearekin,
gehiagoren egarriarekin,
moldaturikako
ipui
xinple
eta
triste
bat,
honela konpreni zenezaten
nola
nire
herria
bizi den
prestuki
lur honen
usteltasunaren
eta
kiratsaren
eta
usainaren
eta
tristeziaren
gainean.
XI
1
Nire lagunen erdiak
Alferrak eta hordiak
Nagi hutsean janikan daude
Zorriak eta ardiak.
2
Lehen'bizia josepe
Biagarrena jakobe
Paulo Petiri Martiri eta
Azkenengoa Eztebe.
3
Zeruan zabal baledi
jainkoa urrikal bedi
Komendanteak manda dezala
Ta soldadoek obedi.
4
Anarkiaren zehea
Hil genduen erregea
Egun eztago deklaraturik
Inbutuaren legea.
5
Konpainian adiskidean
Ederki nator idean
Zazpi soldado harturik gaude
Heriotzera bidean.
6
Gerra da gauza zaharra
Eta benetan zaharra
Begietara dakar ugari
Dolorea ta negarra.
7
Baita juduen artean
Eta negro jentartean
Beti iraunen du mundu honek
Iraun dezan bitartean.
8
Gerraren higuingarria
Bakearen ongarria
Egun batean eginen dugu
Nafarroan mandarria.
9
Adreluaren mutua
Zimentuak bentzutua
Oraindik eztu bizian eman
Espero zuten frutua.
10
Uda honetan ze bero
Eztugu hotzik espero
Meza santua entzuten nuen
Gartzelan larunbatero.
11
Maitatu nuen laguna
Arnotegin ezaguna
Hau da fortuna penagarria
Pobreok dadukaguna.
12
Santa Ageda eguna
Oso egun ezaguna
Fusil batekin kantatzen dakust
Errondan nere laguna.
13
Pobreziaren astuna
Gogorra gure fortuna
Jainko haltua eztago horren
Zeruetan jakituna.
14
Azken akabo batean
Sekulen errematean
Han heldu gabe ezta biziko
Gizona libertatean.
15
Behera doazi latsak
Nora emanen urratsak
Eztituzue aditu pobre
Baten kopla aberatsak.
16
Gauza zikina komuna
Nintzen naiz amankomuna
Komunarekin kondenatuak
Defenditzeko tribuna.
17
Zerua dago goibela
Aizea berriz epela
Maitetxuori Zeruko Jaunak
Zorion eman diela,
18
Eguna dator hegazi
Itzaletatik ihesi
Zuen izenik ez akordatzen
Eztut oraindik ikasi.
19
Eder basoan haritza
Hibai ondoan garitza
Ederragoa modu askotan
Dontzella baten bizitza.
20
Eguzkiaren beroa
Legorrik dago garoa
Ezta gertatzen legorragoa
Andreen gaztezaroa.
21
Argiro dator eguna
Lats artearen biguna
Egun batean nik ere hartu
Behar dudala gizona...
22
Eznaiz inoren zorduna
Eztare hartzekoduna
Eztut hartuko gizonik baldin
Ezpadadi euskalduna,
23
Arrosak dira gorriak
Edo bestela zuriak
Gure katuak ditu ahoan
Agin atera berriak.
24
Errusinolak kantari
Agur begio Jaunari
Loreak ditu ile artean
Urrezko brintzak ugari.
25
Harian dago enada
Urkatuaren soka da
Epetxak eta txantxangorriak
Ilarrapatzeko segada.
26
Pago artean usoak
Berdetzen dira basoak
Gaur jan ditugu bazkal ostean
Mertxika oso gozoak.
XII
1
Zeruetan Jainkoa
Lurrean gizona
Bien artean dago
Laguntasun ona,
2
Hemen daude gizona
Ikaragarriak
Nire ilobak berriz
Liluragarriak.
3
Sei aingeru dotore
Sei martiri polit
Haien urte bigunak
Alaitzen badakit.
4
Zezena da mutiko
Benetan bizkorra
Zaldiak dauka berriz
Burua gogorra.
5
Katuak aldiz dauka
Txikia sudurra
Jaio berria dago
Sehaskan Zakurra.
6
Gero daude bi neska
Lorea ta Izarra
Bata polita bada
Bestea ederra.
7
Anartean eztaukat
Nire ilobakandik
Inoiz alde egiteko
Batere gogorik.
8
Batzutan goizaldean
Kantuz datorkigu
Gizon itsua esanik
Eun bertso segitu.
9
Ta bospasei geratzen
Bazaizkit buruan
Jantzan egiten dute
Bion inguruan.
10
Madame de la Fontaine
Madame de Clémenceau
Errege bere gelan
Esperoan dago.
11
Monsieur de la Fontaine
Monsieur de Clémenceau
Erregeren dirurik
Ez gal au casino.
12
Madame de la Fontaine
Madame de Clémenceau
Dakusagun nork duen
Bularra gorago.
13
Ilobarik lehena
Da begi nabarra
Horregatikan deitu
Genion Izarra.
14
Eman zidaten atzo
Erregalo ona
Hola zelebratzeko
Nire urteguna.
15
Neska-mutilok naute
Egiaz maitatzen
Haien oneriztea
Dakit estimatzen
XIII.-EUSKAL LIEDER
Lehen Euskal lied
Sinfoni-Drama barregarri batentzakoa:
NORAREN BEGI NABARRAK
Dolore eta Nora dirade
Ahizpa onak bezala
Antigoako Andre Mariak
Biok anpara gaitzala
Emagalduak har beza andre
Prestuaren diosala.
Loreak dira udaberrian
Kolore eta azala
Krabelin horrek arbigararik
Desprezia eztezala
Emagalduak har beza andre
Prestuaren diosala.
Noraren begi nabarrak beti
Dagode negarrez hala
Diruditentzat hibai zabala
Edo itsaso gezala
Emagalduak har beza andre
Prestuaren diosala.
Bigarren Euskal lied
Sinfoni-Drama barregarri batentzakoa:
NORAREN BISAIA ZIMELA
Otso herrira faten
Dirade artzaiak
Honelaxen galtzeko
Euskaldun eztaiak
Alferrik itxadoten
Du arima-zaiak
Zimeltzen hasi dira
Noraren bisaiak.
Otso herrira faten
Dirade artzaiak
Bertan usteltzen ditu
Deabru etsaiak
Euskaldun mutxurdinak
Egin dituz aiak
Zimeltzen hasi dira
Noraren bisaiak.
Otso herrira faten
Dirade artzaiak
Eta hartzen dituzte
Erdaldun usaiak
Penak dituelako
Sufritzen Bizkaiak
Zimeltzen hasi dira
Noraren bisaiak.
Hirugarren Euskal lied
Sinfoni-Drama barregarri batentzakoa:
NORAREN BIHOTZ APALA
Orain zuri doakitzu
Nire pentsamentua
Deseo dizut mentura
Eta bake santua
Noraren bihotz apalak
Badu sentimentua
Ezpain artean har zazu
Berriz ere kantua
Euskal zuhaitz zaharrari
Xertatzeko mentua.
Eztizut emanen zuri
Arrapostu prontua
Suabe jarri duzu nire
Zaurian ungentua
Ongi legortu zenduen
Nire negar-tantua
Ezpain artean har zazu
Berriz ere kantua
Euskal zuhaitz zaharrari
Xertatzeko mentua.
XIV.-NORA?
(Sei boz nahastutan kantatzeko koro - poema)
Rafael Castro eta Peña jaunaren musikarekin.
Koroa:
Artzai batentzat, artzai batentzat, anaia.
Artzai batentzat, artzai batentzat, anaia.
Kanta zagun orain artean
Nekez isildu deguna
Nolakoa den egona
Kontaera bat
Zelaia eta
Oso leguna.
Esalea:
Han da kontaera bat, zelaia eta leguna;
Ezpeza inork hemen ezer bila,
Egia baizik;
Egia triste bat egunero lur honetan ikusten dena.
Kanta zagun orai artean
Nekez isildu deguna
Nolakoa den eguna
Kontaera bat
Zelaia eta
Oso leguna,
Gure lur honetan, nora?
Gure lur honetan, nora?
Esalea:
Neska-mutil batzuk ziren. Biak oso gazteak edo
Oso zaharrak, berdin du. Bion artean
Etzegoen sobera maitasunik, baina
Ezkontzeko hitza emanda zeuden. Lur honetan
Hain maiz gertatzen da, mutilak,
Elizara bidea hartu gabe, hartu du
Atzerrira bidea. Eta neska geratzen da
Bakarrik.
Koroa:
Gure lur honetan, nora, nora?
Euskeraz nundik nora, nundik eta nora?
Kanta eta kanta negarrez
Herri honek diost eraz
Nola goazen osterantz
Nora goazen euskeraz.
Kanta eta kanta herriak
Eztu bizi nai euskeraz.
Gure lur honetan, nora, nora?
Sopranoaren soloa:
Atzerrietan harek ezpaitu
Gordeko nire izenik
Nire maitea gabe eztakit
Kontsolatuko naizenik
Aberritik inora ere
Eztoa bide zuzenik.
Tenorearen soloa:
Nire maitea ederra da ta
Benetan maitagarria
Gure arteko maitasuna
Beti izan da garbia
Baina hemengo gerizpe batek
Itzaldu zigun argia.
Koroa:
Kanta zagun orai artean
Nekez isildu deguna
Nola goazen osterantz
Nora goazen euskeraz.
Gure lur honetan, nora, nora?
Gure lur honetan, nora, nora?
Hemen ezta argirik.
Esalea:
Gertaera bat kontatu nahi genduen,
Baina
Orok dakizue
Nolakoa den
Gaurko eta hemengo aire hotza;
Orok dakizue, ta gu
Isiltzen gara.
Koroa:
Artzai batentzat, artzai batentzat, artzai batentzat.
Artzai batentzat, artzai batentzat, artzai batentzat.
Anaia.
Aia.
A.
XIX.-ERREFRAUAK
Zuberoa,
Lapurdi hotza eta zu beroa.
Aiala,
Zeruak gorde aiala.
Ondarroa,
Harri ator eta ondar hoa.
Laudio,
Bat da eta lau dio.
Andikona,
Bide luzea andik ona.
Zornotza,
Amore bi eta zorne hotza.
Deustu,
Aurrerabideak galdu deusku.