Getxo'ko basetxe zarrentzako kantua
Bingen [Ametzaga]
Ba-dut barne-kantu bat, biotz abestia,
antziņako soiņuaz oiu dagidana.
Ez da ederrak sortua, ez geiago-naiak;
maitasun utsak sortu du ta geitu urrunak.
Arri zakarrak dira, milla ekaitzek yoak,
kantu ori gogora eman didatenak.
Arri zakarrak, baiki, baiņa aien artean,
gizaldirik gizaldi, mende ta mendetan,
nire aita zarrak, beti Kristo'ren fededun
izanak dira baita bizi ta il euskaldun.
Arri zakarrak, baiņa Bizitzaren berri
belaunik belaun, ongi dutenak ikasi;
ta Eriotzak illunki, beren atek yoaz,
santu egin dizkidanak ziranen oroiaz.
Arri zarrak zuenak, Abaroa, Aresti,
Arrigunaga, Arnabar, Zuazo ta Sarri...
Nire yaioterriko antziņako etxeak,
zuek emanak ditut abizen guziak.
Ainbeste urtez nauzute zuengandik urrun,
baiņa ez zaituztet aiztu ez iņoiz ez iņun.
ta iņoiz baiņo geiago zuen bearrean
nago orain onenbeste urteren buruan.
Zuek berriz ikusi, zuen atarian
bidazti zar bat antzo, gura nuke atsedan.
Amonatxo zar baten tximurrak bezela,
orma oien zirrituak uki ta musuka.
ta antziņaldietako milla gauza galde:
zuengandikoa naiz, semea nauzute!
Zuek, mundu onetan zerate nire erro,
zuengana bear dut, umezurtz bat antzo.
Iņongo yauregiek ez nau egin bere;
urteak, erbesteak bestelatu ez naute.
Zuek ikasia naiz beti bat izaten,
mundu guzian zear euskaldun irauten.
Ene Jainko maiteak emango al dit, arren,
ikus zaitzatedala lurra utzi baiņo len!