Mateos pintorea
Basaldua eta Gaminde
Pintatzen du Mateos pintoreak
mundu edo ogi bat, pintatua,
nola pintatua, pintatu berria;
kontuz pintura horrekin
Mateosena baita, eta pintatzen da;
bisonteen pintorearen pintura,
herriko dontzella koitadena,
egiazko iledun santuena,
herriko elizetako koitadoaren ilea;
Grekoa, diot, greziano edo toledano,
bere despinto luzearekin edo
Goia, galarazitzen baikaitu eta despintatzen baikaitu
gehiago, haboro, eta pintatzen du; Mateosen
aingeruak edo zamariak,
zamarianoak, diot, gizonak edo
andreak diot, bai, zamarianoak,
aurpegi eta hortz eta begi
eder-eder zamari-kolorekoak,
gizonak baino iruditzenago dira
zamaria, eta zamariak baino
gizonak edo zentauroak; Mateosen
anaiak, gusuak eta gainerako ahaideak
gizon eta zamari guztiak garade,
Mateosek pintatzen ditu zimioak eta
zimiak, gizonak ere bai, ta zamariak eta
zaldiak eta behorrak; eta lehoiak,
inoxent eta bentturos, trixte-xamar,
munduko aurren egunean bezala,
natura-kontrako bekatu larriak baino
lehenagokoak, poz-pozik abereak
barre egiten zuen egunekoak;
haur eta inudeentzako animalitegia,
grado gabeko soldadoentzakoa,
eta jakintsuentzakoa, esan dezagun,
zamaritik gizonerako eta aldrebesko
aldakuntza estudiatzen dutenentzakoa; Solanarena
Solanaren moduan, lotan ibil, diot;
barregarria; Chagallena,
amesti, majiko, hegazlari,
tapiz majikoarekin eta gabe,
edo Kokoxkarena, bere ibilaldi luzea,
hilori gizakorragoak, edo ez hain
hiloriak; hor dabila Mateos
pinta ta pinta, nola pintatzen duen
Mateosek, eta zein gutti, arraio!,
hainbeste koitado oraindik, bai,
ezta, bai, oraindik, enteratu,
eta lastima da, ta lotsa,
eta ezlitzake aurrena izanen,
desperadoki igurikitzen dioguna,
atera dezatela,
oinak aurrean,
pintore pinuki pintatuz beztitua,
etor ditezila arineketan,
baina berant,
Ministroa eta haren medallak,
akademikoa eta haren kadira,
edo Joane March jauna eta haren urreak,
guztiak hain gogorrak konbatitzeko
Mateosek garbiro konbatitzen duen konbat horretan,
horregatik haur tontoak eta inudeak
eta soldadoak aho-zabalik daudenean
abere mantsoen eta gizon putzitu
eta harroen aurrean, Mateosen koadroak
diren kaiolen aurrean,
haur tonto hoek biharko egunean
ministroak eta akademikoak direnean,
eztakit oroituko diren haien pintoreaz,
orduan ezpaitira haurrak izanen,
eztira tontoak izanen, haur guztiak bezala,
ezpada listoak, oso listoak,
listoegiak.
Horregatik nik eztakit zer izanen den
Mateos pintorearekin eta haren pintoearekin;
horregatik, nik orain, naizen poeta
txar honek, lehengo egunean Mateosen
pinturak liluraturik, eskribitzen dut
poema hau, bada-ezpadan.
Mateos pintorea, esan dut,
oro da, pintore haundia da Mateos,
eta naiko da gaurko.