Zuzenbide debekatua (Miren eta Joanaren historiaren hasiera)
Aresti, G.
1. KARTA-JOKOA
ERREGEKO URREA: Walt Whitman.
Walt Whitman bizarduna badoa kantari
Patri Arka berri bat dirudi ta hari
Ekarri dizkiote loreak ugari
Ohore eman dezaion udaberriari
Goiko mendiari
Eta hibaiari
Emakumeari
Eta gizonari
Bainan oroz gainetik bere buruari.
2. NIRE GRAZIA
Nire grazia Joane da ta
Nire ama zen ederra
Haren moduan hegazi doa
Baso artean eperra
Horregatikan merezi zuen
Andre guztien aiherra
Neska-denporan eman zioten
Harma gaberiko gerra.
Nire grazia Joane da ta
Orain banoa abian
Desastururik desabilena
Kantatzera kopla bian
Orain eztago batere bake
Fundatu nuen kabian
Alkate hori bizi delako
Urte guztian Babian.
Nire grazia Joane da ta
Neronen indar sendoak
Egun bi beso hauetatikan
Izan dirade kendoak
Lege berrian jarri dituzte
Fortunako emendoak
Meza batekin ebakitzeko
Urteko dibidendoak.
Nire grazia Joane da ta
Egin nuen alegina
Nire inguruan bilakatzeko
Bizi-molde atsegina
Tirani-legez fundatu zaigu
Parlamentu hitzegina
Denik motzena gure Goizparraik
Eta Beldubaik egina.
Nire grazia Joane da ta
Eztit axola arditikan
Esku eskuma biok sartzea
Herriaren politikan
Egia batzuk esan nituen
Arimaren erditikan
Egia gogor ta biribilak
Gizartearen kritikan.
3. JANJAN MOTZAREN ERAK
a) EKARRERA.
b) JASOERA.
c) BETIERA.
4. ZUZENBIDE DEBEKATUA
Orduan Joanek esan zion Mireni:
Gu bizi garen munduan,
aurkitzen garen jente-bitartean,
gizarte honetan,
zuzenbidea
debekaturikan
dago.
5. JOANEREN BIHOTZAK
Joaneren bihotzak
dirade bortitzak.
Eztitu bentzutuko
tiranoen hitzak.
Burnietan dabiltza
alferrean sitzak.
Foera bitez jabetzak
ta buruzagitzak.
Joaneren bihotzak
eztik barkatuko,
blankoaren arraza
inoiz onartuko,
haren okerbideaz
eztuk ahaztuko:
Hori egia dela
Jainkoa lekuko.
Joaneren bihotzak
eztezake erreza,
erlijio-kontuan
ezpaita arteza.
Hala ta guztiz ere,
pagatuz apeza,
Lumumbaren fabore
entzun zuen meza.