Iesus-Kristo, gizon eta Iainko salbatzaillearen noelak
Gasteluzar, Bernard
Inkarnazionea
Urrun adi, Parnasseko
Musa zahar profanoa,
eta zu zato, zeruko
Musa berri divinoa.
Iesus-Kristo gure Iauna
ekhar bezate bihotzek;
ithurriek, ur saindua;
fruitu bizia, haritzek.
Adio, Phebus! Hire etxe,
hire itsaso gustia,
ez zarete aski hilzeko
ene egarri handia.
Errazu, zeruko Musa,
nola erdi den Birjina,
nola duen Iainko haurrak
izatu lehen eguna.
Errazu, nola egiñ den
gizon, zeruko Iainkoa,
eta nola Iainko egia
gizon gu bezalakoa.
Nola Dabid'en kastatik
gizon egiñ den munduan,
egundaiñotik Iongoiko
izatu zena zeruan.
Misterios
Orai da lurra kamiatzen
zeruko parabisuan,
zeruak egiñ presenta
orai agertzen munduan.
Establian da estali
zeruko tresor gustia;
jende gaxoak dakusa
bere Egille handia.
Hurbildu zaik, o gizona,
Iongoikoa salbatzeko;
ofensatu duken Iauna,
hire hutsen barkhatzeko.
Hau duk Aita handiaren
Seme, bethi izan dena;
hau, ihortzirien nausi
eta Bigarren Presuna.
Gizon gisa, gizona duk
gizonaren fazoiñean,
eta dik heian bizia
irabasten iornalean.
Estalla duk kanpotik
gizonaren haragiaz,
hire odol, hire forma,
hire egite gustiaz.
Nola baita bi natura,
baitik halaber bi izen,
bañan eztituk izan hek
izen divino bat baizen.
Ohoratzen dik gloriak
bere lagun lur paubrea,
eta parte eternalak
kreatu duen partea.
Zuek bezala haragi
lehen ez zena izatu,
haragiaz bestiturik
zuen balsan duk kausitu.
Ez ziaiok Iainko huni
pisu humanitatea;
ez ziaiok Gizon huni
pisu divirlitatea.
Eta nola iguzki bat
aurkhitzen baita zeruan,
orobat salbatzaillerik
eztuk bat baizen munduan.
Lurrean kreatu dena
lurrez gizon lurrekoa,
hura bera duk zeruan
zeruetako Iainkoa,
Iesus-Kristo haurrari salutazionea
Haurtxoa, zure sortzeaz
mundu gustia da bozten,
zure sehaskari diot
agur humilla egiten.
Oren onez sor zaitela
gure mundu ederrean,
esklabo gaude gustiok,
haurra, zure beharrean.
Zuk mendekatuko tutzu
gizon guztien etsaiak,
gustiei zuk idekiko
gloriako ithurriak.
Iainko zare: kalma zazu
Iainko Aitaren furia,
Gizon zare: paira zazu
merezi dugun zauria.
Boztu da zu ikhusirik
Bethleemeko hiria.
Iesse'n zigorra zare zu,
zu lehoiña, zu zuzia.
Iakob'en izarra zare,
birjina baten semea,
Dabid'en odol nobletik
ethorri den erregea.
Errege zaitu humilki
Sion'go alabak deitzen,
eta zare aspaldiko
lekhukoekiñ agertzen.
|