inprimatu
Bi poema
Izenburua:
Bi poema
Sinadura:
Andolin Eguzkitza
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Eguzkitza, Andolin

Argitalpena:
Plazara.
Urtea:
1992
Argitalpenaren urtea:
Alea:
19.zk.
Orrialdea:
29

 

Bi poema

 

Andolin Eguzkitza

 

Desira

 

 V. de la Vega gogoratuz

 

 Espainiako eremuetan egon eta gero,

 ordoki horietatik beherantz

 atzera nator abiadan,

 lautada latz horietako gorputz sendoek

 —bipil eta beltzaran—

 bular, hankak eta erraiak

 jarri ondoren sugoritan.

 

 Gaztelarentzako bidean

 ezin jakin zer igurika,

 gainera heldu eta

 elurra beroa.

 Orain, berriz, hotzik nator beherantz

 tren honen barruan,

 bestelakorik ezean izanagatik ere

 luma hartu dudala eskuartean:

 

 Ilunabarra heldu orduko

 itzartzen ohi baitira ibaietako arrainak,

 zeruetako ostarteek ez dute ordea

 lahar bat baizik desira,

 lahar bat gordina,

 mardul eta karana,

 azala igurtzi eta

 irritsa ugazaba;

 ugazaba hagitz eder,

 on eta ankerra,

 nitaz jabe dadin,

 nik dut emanen eskua,

 gurputz bat eztia

 eduki gura baitut ziratsa,

 munduaz ahantzi eta

 ederraz mozkortu ja.

 

Jende zuhurren artean afaldu naiz bart

 

                                         Dana emon behar jako

                                         maite dan askatasunari.

                                                             (Lauaxeta)

 

 Jende zuhurrez inguratua afaldu naiz bart.

 Eta saiatzeagatik ere

 ezin izan dut ezta garaurik ere maitatu,

 hain baitziren zuhur,

 hain baitziren artatsu eta ordenako,

 diruaz, jendeen esamesaz

 eta oi Jainkoa,

 indarkeriaz eta besterenganako errespetuaz.

 Horregatik, Jauna,

 beldurrez eta guztiz ere

 Ebanjelioko fariseua bezala senditu naiz,

 ez bainaiz, oi Jainko ahalguztiduna, haiek bezala,

 azalez eder,

 bihotzez zahar,

 amodioz

 zikoitz, seguru eta boteretsu.

 Euskalduna bainaiz,

 Euskal Herriko lur sagaratuaren seme errumesa,

 mundu honetan ezin lapur diezadaketen dohain

 bakarra.

 

 


inprimatu