Trein honen drangadan
Manex Erdozaintzi-Etxart
Heldu den maiatzaren 1ean hamabost
urte eginen du Ibarlako poetak utzi
gaituela. "Manex Gogoan" taldeak 94ean,
urte osoan gogoratu zuen gizona, poeta,
erakaslea, fededuna, euskaltzalea.
Maiatzkideek plazaratu ginuen urte
berean "Bizitza Pilpirak" poema bilduma,
testu ezezagunekin eta gisa berean
Donapaleuko Herriko Etxean gertatu
omenaldiaren testu bilduma agerrarazi.
1999 urte hastapenean Manexen testu
zonbaitekin emanaldi bat taularatuko
dute Txomin Hegi eta bere lagunek.
Gizon maitagarri honen gehiago
ezagutzeko aitzakia. Bestalde, Manexen
lanetaz Irungo Agurtzane Ortiz-ek urte
honetan lan orokor bat plazaratu behar
luke gutun, poema, testu bilduma
zabalarekin batera.
Hemen agertzen den poema luzea
sekulan ez da argitaratua izan eta
Manexen ganbaran beste hainbat
testurekin zegoen. Berriro aurkituko da
hemen ametsaren bidea, maitasun
beroaren lilura. Treinarekiko paraleloa
atxikiz, nolaz ez sendi hor 1917ko udan
bezala Pasternak en "bizia nere arreba"
poeman, Manexen bihotza "estepan
taupadaka".
Dan-ga-da Dan-ga-da
Treina abiatuko da
Dan-ga-da Dan-ga-da
Treina berotuko da
Dan-ga-da Dan-ga-da
Zelaietan, mendien urraduran
Dan-ga-da Dan-ga-da
Hiriak eta herriak
Treinak trebeskatuko ditu
Dan-ga-da Dan-ga-da
Istantean...
I
Bidaiaz johan behar dut
Hori bai
Eta joateko asmorik ez
Hori ere bai...
Nagikiro itzulikatzen naiz ohean
Txoriak alai kantatzen
Entzuten ditut
Argi xirrintean
Eta tristeki behatzen ditut
Abiatzeko tenorea hurbiltzean...
Azkenean jeikitzen naiz
Ikuxten; bizarra egiten dut,
Ikuzten naiz ximenki
Hortzak, beharri ziloak
Gorputza bere zabalean
Bere luzean, bere tontor
Eta ziloka guzietan...
ximenki eta artaz
Bidaiaz johan behar dut eta...
Agur txoriak
Bestaldi arte
Eman nere goraintziak
Zuhaitzeri, mendieri, itsasoeri
Zorionak orori
Lurrari eta zeruari...
Bestaldi arte!
II
Autobusak, taxiak, auto partikularrak
Joan-jinka ibiltzetik
Ez dira atertzen
Garako samatsean.
Jende ostea
Haur, adinetako, gazte
Zekarten...
Batzuk maleta edo museta eskutik dilinda
Besteek bizkarreko zaku edo balisa hanpatuak
Batzu presan eta trostan
Besteak maltsoago sudurra haizean
Denak kurutzatzen dira, itzulikatzen
Garako ezkaratz nasaian...
Zangoetan labur edo luze
Potzolo edo mehar
Irriz edo arrenkuratuak
Harat-honat itzulika
Ulu beltzen antzo
Garako ezkaratz zabalean
Agur eta goraintzi
Besarka edo esku emanka
Amorosen artetik eta ingurutik
Garako ezkaratzaren alde orotatik
Jendea zihoan bilduz eta deseginez
Treinak etorri edo muntatu arau...
Autobusak, taxiak auto partikularrak
Joan jinka gara baztergietan
Nondik sar-atera ezin antzakatuak
Ari ziren tutaka eta indarka
Bipil-bipila!
III
Garako erloi handiak 10-ak eta hogoi markatzen du
Orratz handia taka-taka jauzika aurrera inguratzen da
Taka-taka kolpeka aintzintzen zaio orratz ttipiari eta
Bata besteari elkar lagunduz mekanikoki hain xuxen
Ari dira denbora negurtua zaintzen eta oroitarazten...
Haiduru gauden burdin-bide bazter-egongian
Bakoitza doha bere hartan ez jakin nondik horra den
Bertakoak ala nonbaiteko emigranteak garenetz
Aberatsak ala pobreak
Lanarekin ala gabe
Ikasiak ala ez
Lagunez eta adiskidez inguratuak garenetz
ala bakarrik utziak
Bihotza zoriontsu ala apurtua dugunetz...
Bakoitza doha bere bizitzaren hari mehean
Herabe edo oihes edo nazkatua
Eta ezin jakin nondik-nora daraman
Amets izpi baten buhakoak...
Garako erloi handiak 10ak eta erdi markatzen du
Orratz handia taka-taka jauzika aurrera inguratzen da
Taka-taka kolpeka aintzintzen zaio orratz ttipiari eta
Bata besteari elkar lagunduz mekanikoki hain xuxen
Ari dira denbora negurtua zaintzen eta oroitarazten...
Treinak han-harat xuxenean eramaten gaitu
Geure aferetara, geure bilkuretara, geure lanetara
Edo xoilki geure lagunetara, geure deskantsuetara
Treinak han-hemen utziko gaitu tanko tenorean
Eta bakoitza joanen da bere usaiako moduan
Oinez edo autoan edo autobusean
Edo taxian
Edo norbait bila etorriko zaio
Bakoitza deseginen da
Eguneroko moldean
Bere aferetan, bere bilkuretan, bere lanetan
Edo xoilki bere lagunekin, bere deskantsuekin...
Bakoitza doha bere bizitzaren hari mehean
Zalu edo maltso edo ezindua
Eta ezin asma nork zer duen menturatzen
Bidaia honen puntan...
Garako erloi handiak 11ak laurden guti markatzen du
Orratz handia taka-taka jauzika aurrera inguratzen da
Taka-taka kolpeka aintzintzen zaio orratz ttipiari eta
Bata besteari elkar lagunduz mekanikoki hain xuxen
Ari dira denbora negurtua zaintzen eta oroitarazten...
IV
Bedera aulkitan ahalaz
Jendea oro plantatu zenean
Balisa, zakoxa eta beste puskileria
Plegaturik pausa-lekuetan
Nork liburu bat, nork kaseta bat
Irekitzen eta irakurtzen hasi zuenean
Edo xoilki argi horail haren giroan
Bere gogoa nagikiro lasaitzera zihoanean...
Besteak beste, zu ere sartu zinen wagonean
Aurreratu, gora eta eder, aulkien arte-bidean
Zure beztimenda beltzean gorputza noble
Beti inguru beltzaunen zolatik soa oraino trebe,
Zure beso-eskuek eta zangoek bazuten grazia
Batez ere zeure aulki xokoan jarri zinelarik
Eta, polliki-pollikiņo, mugimendu arinez,
Zeure gorputzaren luzea bildu zinuelarik pentsati...
Soin-buruetan ilea harro, soa urdinean zohardi
Oski aztal xorrotxek luzatzen zioten gorputza
Zurea baino esku bat goraxago loretsu;
Haizeak derabilan zuhamu guri baten mugimenduz
Jarraikitzen zitzaizun hurbil, presentzia osoan
Bekoz-beko, zuen eleak ez zuen zurru-murrua gainditzen
Bainan zirudien, memento minetan, ahaideen artean
Ixilean hauteman daitekeen hatsaldi beratza...
Tenorea zetorrela, berexi behar, eta
Bere gorputz gordinaren eremu freskoa
Agertu zitzaizun eta laxoan eskaini
So bilakor baten leize samurrean
Elkar besarkatu zineten maitekiro...
Berextea zetorren eta deslotu zitzaizunean
Abiatu zen aulki-artebidean dena irrifar
Eta urrundu zitzaizun neska desiragarria...
...........................................
Ikusmenaren hazta-ikuska erneak
Holaxet sortzen bide du
Edo berdin, noiz-nola, eraberritzen
Aztal-beharrietatik bururaino
Zango-saparretan gaindi,
Izta-zainetan gora
Bihotzeraino
Hainbat gutizia gogorren, ziztada
Eta amets zoroen kalda etsigarria...
Trein honen argi horailaren giroan
Eta zure jauntzi beltz horren tirantzan!
Dan-ga-da
Dan-ga-da
Treina abiatzen da
Dan-ga-da,
Dan-ga-da
Treina berotzen da
Dan-ga-da
Dan-ga-da
Zelaietan, mendien urraduran
Dan-ga-da
Dan-ga-da
Hiriak eta herriak
Treinak trebeskatuko ditu
Dan-ga-da
Dan-ga-da
Uxistean...
V
Treina abiatu bezain laster
Kutzu-kutzu pasatzen da edari saltzailea...
Kafetxo bat manatzen duzu
Polliki-polliki hozteko ufatuz
Emekiņo eta goxatuz
Hurrupatzen duzu...
Zure larru zurpailak badu bere pollita
Argi horailaren azpian...
Gero, betaurrekoak zakoxatik ateratzen dituzu,
Finkatzen lorioski zeure sudur xuxen laburrean
Hasten zara hasten irakurtzen
Kaseta ezkerreko eskuan
Kokotza eskuineko ahurrean...
Zure jestu bakarrek badute grazia
Nongo dama ote zinatekeen
VI
...parrez-par, zu nere aurrean, ni zure aurrean ez
ezagunak tokatu ginen buruz-buru aulkietan...
belaunak hurbil, elkarri hurbil zure zango mehar-
rak bata besteari koropilatuak, nere zango
torropiloak laxoan utziak...
parrezpar zure gorputz zainarta aulkiaren luzran,
nere gorputz trinkoa aulkiaren zabaleran... par-
rez-par zure aurpegi gordina herabetua, nere aur-
pegi mardula xoratua...
parrez-par begiak erne bata bestearen bila eta
bata besteari iheska... eskuak urduri hantxehe-
mentxe haztamuka hutsean...
hutsean... ahurrak irekiak soari laguntzez...
parez-par... kurutzegunerik gabean kurutzefika-
tuak bakoitza luze munduan...
elkarrekin solastatu nahian eta ezinean bidaia
honen parentesis borobilduan...
parentesis... abiapengabeko eta helburugabeko
ibiltze hontan... zure errebista handiaren ostoe-
tan biribilkatua, nere, kaier txarraren lerroetan
kokatua... gure munduak...
itsasoaren higiduran mumilduak... hegi-juntarik
gabe... distantziaren itsasoan... ausartziarik
gabe... zu eta ni parrez-par juntagune baten men-
turarik gabe... distantzien bertutez elkar ezin
aurkituak... konplizitate izpi bat, xoilki,
distantzien mugetan...
VII
Zigarreta bilduak beren paper lodian
Eleganteak dira erhi puntta tinkietan
Utzixeak bezala ditut
Noiz-nola, konpainian, solasen erorian
Horietatik ere erretzen dut
Baina gauerako gohaintzen naute...
Tabako beltzarana zait gustatzen
Goizeko bi orduetan eta gero
Ez dakit zendako
Beharba, haurrean, arto bizarrarekin hasi nintzelako?
Edo, aitaren palto sakolan ebatsi tabako xuhurra
Gustatu zitzaidalako
Eta neure oedipa bihurria oso polliki gainditzen
Lagundu nauelako?
Ez nuke pipatu behar, erraten didate
Maite nautenek
Halako so melankoliko batekin, baina...
Halako euforia bat ematen dit erretzeak!
Duda-muda batean sartu nintzelarik neure gorputzarekin
Pipatzea kaltegarri litzaidakela arrenkuratu nintzen
Eta erretze kopurua ttipitzea saiatzen naiz
Haur umil baten gisa... beldurrez?
Edo, denek diotenaz, bizitzea luzatzea gatik?
Nork daki?
Beharba emazteek lukete erantzuna
Beren intuizio finarekin
Badakikete zer den on, zer kaltegarri
Nere inguruan hainbeste hasi dirade erretzen
Belar mota guzietarik murtxatu beren ezpain trebeetan
...eta orduan?
Tabako beltzarana poxika ximikatzen dut ahurreraino
Eta neure bi behatzen artean neurriratua
Tinki-tinkia paperrean biribilkatzen dut...
Nere bularretatik ke arin bat ateratzen da
Errondaka itzulikatzen da eta airean desegiten...
VIII
Bestorduz bezala zoladura hutsean jarria
zinen: zangoak kurutze, eskuak pausuan,
gorputza malgu, aurpegia murritz. Gau goxoan
hasi zinen zeure marrazki solaseratzen: paper
osto handian erronda espirala, puntu beltza
abiaduran, aintxinaxago bi puntu ttipiagoak
eta berdeak; espirala aldiz errondaka itzulika-
tua, hasieran kolore berdez eta hirugarren
itzulian perdez... Hatsaren ritmoan hitzak
moldatzean ezpain hezeetan, so egiten zeni-
dan samurki... Katy... samurki...
...hau nere bizitzaren espirala da...
denboran eta espazioan edo goiti edo
behera nabilan espirala... puntu beltz
hau... ni naiz... denboraren eta espazioaren
buztinean marruskatua, moldatua... puntu
beltz bat naiz espiralean noiz goiti
noiz beheiti ibilki... gaur goiti noa
espiralean bi puntu berdeen dirdiran...
bi puntu... bi presuna berde gaur nere
bizitzan konda direnak... dira bi presuna
maitagarriak eta maite dituztanak...
espiralean goiti banoa espiraleko gune
beltzeetatik gune argitsuetara... espirala
ez da itzulika normalki goieraino igaiten...
ez da ibiltze normalik: batzutan goiti
batzutan beheiti... ez da ibiltze anormalik...
baina bi puntu berde gaur nere bihotzeko
soinu miresgarri direnak... musika xoragarria
bizitzaren goiti-beheitian... eta ezin
ditut deskribitu, ezin ditut solaseratu...
dira xoilki, buluziak, bi izar dirdiratsu...
eta uste dut askatuko naizela, nere
gorputz-barneko beltza lasaituko zaitala...
askatasunera heltzean espiralaren gune
irekian... eta puntu berde bat bilakatuko
naizela... bizitzaren espiralean... presuna
berde bat...
IX
Zeure luzetasunean xutitzen zara
Duda izpirik gabe zeure aulkitik jalgitzen zara
Aulki xokoan zeure zakoxa handia utzirik
Beste ttipiago bat besapean tinki-tinkia
Zeure nobletasunean komunetara zohaz...
Berriz zeure aulkira itzultzean
Aurreratzen zara handi-handia zeure gorputzean
Beztimenda beltz murritza, plegurarik gabea
Zeure mugimendu orori jarraikia
Krabata urdina papotik gerriraino
Handikiro urratsean eta soan
Aulkien arte-bidean aintzinatzen zara
Kontuz, mundu segretu bat zeurekin
Daramazu...
Bere antzerkia idazten
Gau berantean segitu zuen
Garcia Lorcak !
X
Zer hizlaria...
Itxura guzien arabera
Hitzak zerabiltzan segurrenetik
Bata bestearen ondotik heldu zitzaizkion
Xorrotx, legun, gogor, xarmagarri,
Egoki, xuxen, ateratzen zitzaizkion
Hitz arruntak, hitz aberatsak, hitz sainduak,
Hitz gordinak, soinu orotakoak
Hauta zuen hitzaldia
Lirikoa, murritza, ironikoa
Dramatik arraleriara, tragikoa
Beratzetik bortitzera
Hitzak zerabiltzan meneratuak
Mendietakoak, oihanetakoak, itsasoetakoak
Harpeetan eta ibarretan
Zizelatu hitzak zerabiltzan
Aspaldikoak eta gaurkoak
Bata bestearen harian
Xaramelatuz melodia hunkigarrienean
Entzuleak oro heiatuz, hitzartuz, konbentzituz
Bere soaren itsasoan pulunpatuz itzulikaraziz
Bizitzaren muga xenderetan gaindi
Zakienean, berdin ez zakienean
Burtxoratuak zeramatzan entzuleak oro...
Badakiela mintzatzen!
XI
Telefonaz deitu ninduzun eguerdi batez
Eta, elkarrekin hitzartu bezala,
Erran tenoreko etorri zinen astelehen goizean...
Gure sukaldean
Mahain inguruan
Hitz guttiz
Elkar topatu genuen...
Gure soak mintzatuz
Bata bestearen berri
Istantean jakin genuen...
Gutartean ginela
Posible zitakeena
Eskatu zenidan
Eta hitzeman nizun
Ahal nuena egitea...
Erranak erran
Atera ginen eta joan
Xoilki uzten zenidan
Etxetik urruntzean
Zeure irripar hori...
Irripar hori
Zure aurpegian...
Gaurko pasaia hontan
Besterik ezinean
Eskaini zenidan
Nere bihotzean zaintzeko
Eta ahal nukeeno
Zutaz oroitzeko...
Besterik ezinean
Burruka urte hauetan...
XII
Goaz... goaz... aurrera...
Batzu jautsi dira, beste batzu igan
Nere aintzineko aulkian bi mutiko gazte
Klaska-kaldan ari dira beren soldadokaz hitzegiten
Bakazioak noiz tokatu zaizkien kondatzen...
Besteak, zer?
Batzu lo, zenbait irakurtzen edo ametsetan
Edo nik dakita zer?
Beste zigarreta bat?
Manobrak otsailan egitea hobe dela
Elurrik ez delakotz
Dio nere aintzineko mutikoak besteari...
Argi horailak wagon guzia orain argitzen du
Mementoan bada mugimendu
Txakur ttipi bat bere aintzinean
Adinetako emazte maingu bat doha komunetara
Bizpahirur kontrolier ere, kasketa kopetan behera
Trebeska dabiltza billetak kontrolatzen
Emazteņo horrek zer du ba falta, beha
Eta miaka pausa-lekuan?
Nolako firrindan pasa den beste trein hori
Debrien bitezian badoha gure treina ere
Motorra bere-beroan ezin atxikia balu bezala
Goaz... goaz... enoatuak bidaia luze honen puntara
Sarri terminusera heltzean
Bakoitza erne-zalukara jendartean galduko da
Jadanik gogo-aztaletan duen tokiraino joateko
Nonbaitik nonbaiterako bidaia anonimo honen puntan
Agi horailak wagon guzia orain argitzen du...
XIII
Nere sahetseko berina
Gauak miraila bihurtu dit...
Gorputza treinaren dranpalak
Aldean beste inarrosten dit...
Batez ere neure aurpegiari
Behatzen diot amultsuki
Erdi-argaluduak dakarkit
Nere biloen bir-bira zurpaila
Buru kaskoan frango argalduak eta
Gaurko inguruko horiek haatik
Frango tinki eta lorios
Irauten didate bizitasunean
Eta edertasunean
Kopeta behereko larru marra horiek
Halako xarma berezia dakarkidatela
Ezin uka...
Treina gelditu da...
Estazio hontako
Argi oparoek
Mementoko
Moztu didate
Neure filmaren trama...
Treina berriz abiatzen da.
Aho-sudur inguruko eremu horiek
Beren gizen itxuran
Badute, egia erran,
Gormandiza kotsu zerbait
Begiak ilunpean
Ezin harrapatuak zaizkit...
Begiak ilunpean
Ezin harrapatuak zaizkit