Zahar baten etzanaldia
Manex Lanathua
Igandea da. Igande arratsaldea.
Arratsaldeko biak, udaberriko aro zoragarria, izadi osoari lili eta izerdia dario.
Ezkaratzeko ate erdia zabalik dago... horra hor aitatxi zaharra badatorrela... etxe aintzineko harri lauzean
jartzen da.
Hasperenka eta zinkurinka pareta zuriari emaiten dio bizkarra, eta hor, berogian, ttukun ttukuna, bildu
bildua, xoria bere habitik bezala, airatzen zaio gogoa...
han, han, hantxet,
gora, gora, lano borobila baino gorago,
hegaldatu zaio gogoa...
Denbora joan da,
beste bat etorri
eta nire larruetan
ikusi ditut herrialde berriak sortzen.
Gorputzeko zainak nituen
erreka harritsuak
haragi heziak mendietako buztin lepartsuak,
zelaiak hetsi ditut
eta gogoa utzi
joan zedin bortu askatuan barna...
Oroitmenak zeraman hegiz hegi, oihan hegietarik
aran bigunetara...
horra hor, bere haur denborako aran ederra,
alegiazko zaldiaren bizkarrera beldurrik gabe,
gizon geihen bat bezala igan zen...
ixtaklok,
ondoztegi zurpailaren gainean ixtaklok
zango mehe zintzilak balantzan
jarri da haurra...
bainan berak ez dakiela, ondoztegi zurpail hori,
olerkiaren zaldi basatia da... zaldi ikaragarria,
mendeak eta belaunaldiak lauzkatzen dituen zaldia.
Zaldi horrek ez dauka zaldun gaztearen axolarik,
eta baderama, baderama... bere lurrerainoko
kumaren haizeaz zafratuz...
- Ixtalklok
ondoztegi zurpailaren bizkarrean
zaldun gazte hezgaitzak
arri! arri! dio
garrasi beldurtuan
desafiozko zaldiaren lanazko trostari.
Arri! Arri
Haurnoaren boz alaia
gizon zahar baten oihu hauskor erdoilari
nahasi da.
Aspaldiko haritz nasaiaren itzal goxoan,
haurno bat zegon ixtaklok,
zaldi zurpailaren bizkar hezur zorrotzean
Ke eta gar, ke eta gar, aztaparretan
joan dira zaldi zaldun
Ibarlako bide gorde harridunetan...
Belatxa iduri, erroitzean beheiti eta goiti,
harri zorrotzetan josteta eta zeiharka,
zaharraren gogoa, badoa bere hemezortzi urteetaraino,
hori izan baitzen gertakari triste horietako bat.
Bakarrik, bere erleeri, erlandaren sekretuan salatu ziena
Doluzko arropak
jantziko ditut, doluzko egun hartan,
ezkoa eskuan,
boneta bestean,
agur diozut,
etxeko erlanda
erlanda maitea.
- Entzun solas hau,
entzun, zuek erleek,
nire desgrazia,
ikus zuek erleek,
daukadan beztia,
doluzko jantzia,
arropa beltz hau,
eta, begien bustia.
-Zuri noakizu,
etxeko erlanda,
mendiko lilien,
dantzari trebeen egiazko plaza,
zuri noakizu, zuri hizketan.
Ahuxkitik eta Iratira, badoa belatxa,
gainez gain urratuz lanoak eta belarrak, urratuz euria
eta ihintza... Horra Irauko ateka, Albintze, Okabro,
erreka saro, etxola, ardiak, zakurra, oihanak...
Nire urratsean
larrean eta izerdian
hats akituan
mendiaren urratsean
ixil ixilik
denboraren urratsean
haizearekin
hotz eta beroarekin
urratsaren trenpu onean
oinhutsik
soroz soro
belar goxoan
banindoan bortuko urratsean
Udaberriko egun zoragarri hortan, etxe aintzineko
paretari kontra lo zagon zaharra eta hantxet gora,
gora zeruan, ulitxa bat bezain ttipi badabila
arranoa, arrano beltza
Etxe bizkar, gizon bizkar,
hezur zorrotzen eternitate ahantzia...
hiri arima, arranoaren suzko hegalak,
hiri, basa bortuetako hegal ixilik.
Lanbroetarik erori zaigun
eguzki zirrista busti marratua
ator! ator
arrano beltz maitea
hegatz urratuen bizkarrera.
Iloba tipiak inharrosten du aitatxi,
atorra besotik tiratzen du "Jatzar zaitez!
Jatzar zaitez! Aitatxi!" dio haurnoak.
...ulitxa bat bezain ttipi, gora gora,
hantxet, lanoa baino gorago, bortuko haizean
xixtukan arranoa gora doa... gora eta gora...
Zahartasunari urrats hau gaztetasun...
hartz gorriaren urrats heldua.
Oihan librearen urrats irainkorra,
oinhutsik,
soroz soro,
banindoan
bortuaren urrats ikasian.