Urtatsa
Andolin Eguzkitza
Ilusioen garia joan da.
Joan dira loreak,
pagoaren hostoak eta
satsa gaualdeko hamaika t'erdietan
bazten duten langileak.
Parte Zaharreko karriketatik
ibilki
joan egin zaizkit
amodiozko jotzen nituen nahiak,
sagar gorrien modura
zail eta gordin gura nituen gorputzak,
eta zikin eta hondakinen artean
zabuka nabil
kalearte honen erdian
baso beltzean haizea balebil bezala
orrien harramantzak izutua,
hazkorrien erdian euria balekar bezala
beldurrez abaro bila,
ene bihotza odoletan balego bezala,
nigarrez bakar eta eroa.
Zeren amak eguerdian
zuzen eta,
beti egiten duen bezala,
ustekabean itaundu baitit
amodiorik ote neukan,
eta ezkontzeko esperantzarik,
eta gezur batez erantzun behar izan baitiot,
bizitzea laburra dela
eta bizkor iragaten
erran baitit,
eguzkiaren printzak
laster direla hiltzen eta
agortzen errekastoetako ura,
urteak joan eta desertuak zabaldu ahala.
Eta hotzaz eta beldurrez
mozkortu naiz
kalearte honen erdian
zikin eta hondakinen artean,
ondotxotik satsa batzen duten langileak
joan badoazala.