inprimatu
Xuberotar artzainari
Izenburua:
Xuberotar artzainari
Sinadura:
Henriette Aire
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aire, Henriette

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
18.zk.
Orrialdea:
22

Xuberotar artzainari

 

Henriette Aire

 

 Bertso idazten nere garaia, oraintxe ote zaut jina,

 Gogoan eta bihotz barnean, gorderik bait daukat mina;

 Oltzartetikan Eihelarrera, banaukan bide egina,

 Galdua nintzan eta ez jakin, nun zagon bide xuxena,

 Uste gabean aurkitu arte, han Xuberotar artzaina.

 

 Gizon sendo ta arpegiz argi, irriparra ezpainetan,

 Haren begiek argitzen zuten, nolak ekiak goizetan,

 Izpiritua ere xorrotxa, zerabiltzan solasean,

 Bizpairu ele elgarrekilan, eginik bost minutetan,

 Bozkariotan gelditu nintzan, gogoa atseginetan.

 

 Handik hamabost egun barne, joanik berriz Xuberora,

 Elgarri hitza eman bezala, kantari xapelketara,

 Jende ostea biltzera zoan, Iruriko zelaiera,

 Bainan urrundik ikusi nuen, artzaina malda behera,

 Urratsa zalu, kopeta gora, iduri Jainkoa bera.

 

 Elgarrekilan pasa ginuen, oren pare bat goxoki,

 Kantu ederra frango entzunez, ta solasean laņoki;

 Bat bertzearen ganikan gero, zerk ote gaitu berexi,

 Elgar agurtu gabe etxera, tristerik jin maleruski,

 Nungotarra den ta nola deitzen, hori bederen banaki.

 

 Artzain horretan kusi nituen, guziz dohain bereziak,

 Buru gorputzez sanoa eta, bihotz onaren graziak,

 Baserria ta artalde on bat, omen dabiltza guziak,

 Aita ta Ama eta Amatxi, gain-gainez'tu goretsiak,

 Jaun horrek ere ohore gaitzak, lituzke bai mereziak.

 

 Jadanik erran dutan bezala, ez dakit nun dagon bizi,

 Ez eta ere nola deitzen den, Piarres ala Polentzi,

 Barna dauzkatan goresmen hauek, orai nolaz helarazi,

 Xori bat banintz joan nindaike, utziz etxe ta lan guzi,

 Artzian harenat, bai hegaldatuz, Xubero eta Garazi.

 

 Euskal Herrian izan ote da, horren heineko gizonik,

 Eta ez dakit xuxen zer gaitik, dagon mutil-zar eginik,

 Engoitik behar zituenean, bizpairu seme emanik,

 Xuberoaldeko'mazte gaztetan, ez ote da zerbait onik,

 Begi bihotzak ideki eta, hortaz agradatu denik.

 

 Hiri barnetan galdurik gauden, baserritar aurrideak,

 Ez dakit beti hobeak diren, hartu gintuen bideak;

 Uste izanik on litaizkela, hemengo bizi moldeak,

 Edo bihotza guziz haunturik, aberasteko xedeak,

 Abandonatuz etxe maiteak, ta kanpoaren berdeak.

 

 Euskal Herria kenka txarrean, dagola ez dut dudatzen,

 Etxalde frango ikusten dira, gero ta geiago hiltzen;

 Bizirik gabe, hustuz geroztik, paretak dira erortzen,

 Euskara nola eta norentzat, ari girade salbatzen,

 Ez da Euskadin nehor izanen, gu ez bagira bermatzen.

 

 Gure herria zori txarrean, guaurek dugu ezarri,

 Behar orduan, tenore zeno, ez girelakotz atzarri;

 Aspaldi danik neska gazteak, hirira dira igorri,

 Laborari ta artzain gazteak, bakarrik han penagarri,

 Bizia xutik eduki ordez, esku emanez elgarri.

 

 Ni ere hemen nago Baionan, buru bihotzak hoztuak,

 Amodioa eta fedea, zaizkitalarik histuak;

 Sor-herritik ez iduri urrun, bainan erroak moztuak,

 Halere beti gorderik dauzkat, eta berriki piztuak,

 Baserri baten erabiltzeko, gutizia zorroztuak.

 

 Othoitz bat orai, emazte gazte, diozut bihotz-bihotzez,

 Xuberon edo Garazin gaindi, balinbazaude herabez;

 Bortuetako mutil gazteak, ez ditzazula mesedez,

 Gutietsirik ta mesprexatuz, utzi lanaren beldurrez,

 Edo joanen naiz artzain harenat, sehitzat edo lan eskez.

 


inprimatu