Droga gogoan
Ernest Alkat
Mila hizkuntzen artean ere egiten bada hautua
Mundu osoak ezinbertzean hitz bakar bat du batua
Aments faltsuen iturria da droga dutena deitua
Hoin garbia zen Euskal-Herrirat zorigaitzak du sartua
Itxaropenak zabal dezala hasterat noan kantua.
Diru hutsaren morroiak dira droga horren nagusiak
Gizontasunak dituen mugak dituztelarik hautsiak
Anaiak hilez dituzte beti zuzentzen beren auziak
Bihotzak duen maitasunetik sosak ditu biluziak
Bainan errexki saretan sartzen ahulak diren guziak.
Maitasun faltan, lan eskasian laster bilatzen urtzoa
Loa arina dagoenetan amentsak baitu gozoa
Beti bertzea bide txarrean anaia edo auzoa
Etsimenduak lanbrostatzen du drogatuak duen soa
Ezin ukanen amentsetan du suntzitzen bizi osoa.
Drogatuaren ezinbertzea nahi izan dut aditu
Gaztetasunak eman argia nola ote zaion histu
Ustelkeriaz egin munduan mila arrazoin baditu
Zuzentasuna ta juztizia nahi luzke berriz piztu
Altxagarritzat droga hartzen du gero ezin da zutitu.
Herritarretan, etxekoetan, gutik dute konprenditzen
Beren ustean ez delakoan bide beretan ibiltzen
Gordean duen bortizkeria amentsez badu arintzen
Nuklearrari edo gerlari gitarraz badu agintzen
Porruak eman azkatasuna ez baitu nihun aurkitzen.
Biziak duen handitasuna ainitzek egiten diruz
Nortasunaren jabe ez dena betikotz leizean sartuz
Zuri mintzo naiz orai gaztea osoki errespetatuz
Ez dugu nehoiz deus aldatuko aments xoroak xurgatuz
Bainan biziko mail guzietan egunero borrokatuz.
Zainetaraino senditzen duzu libertatezko gosea
Nahiz txarra den aztertu gabe guzien kondenatzea
Bilhatzen duzun zorion hura ez dago ezinbertzea
Eta ustean etsai direnak lagunentzat onhartzea.
Naski gehiegi agertzen da gaur ospetsuen parabola
Onhart dezagun nahi ala ez droga gu bainan dagola
Izpiritua nunbait daukagu pozoindatua odola
Batzuendako politika da bertzentzat aldiz alkola
Eta ez dea drogaren pare purua edo footbola.
Euskal-Herriko burhaso onak gizon eta emazteak
Zer ekar dio etxekoeri gure begien hesteak
Denak ahulak denak erorkor batzuak ala besteak
Ez kondenatu bainan zabaldu maitasunaren ateak
Altxa ditzagun guk egin hutsez erori diren gazteak.
Hau edalea hura alferra bertzea aldiz ergela
Gazten aldeko maitasunak du Apirilaren epela
Guziak aldiz guri galdezka ezin eginez bertzela
Elgar lagunduz joka gaitezen gizondu gaiten horrela
Sekula santan ahantzi gabe denak drogatzen girela.