inprimatu
Rio dei Tolentini
Izenburua:
Rio dei Tolentini
Sinadura:
Aurelia Arkotxa
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Arkotxa, Aurelia

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
16.zk.
Orrialdea:
7

Rio dei Tolentini

 

Aurelia Arcocha

 

 Paretak mugitzen

 ziren daldaraka

 hiri estrainuan.

 Denbora iheska

 badoa urean.

 

 Nun dira desiraren loreak?

 Nun oroitzapenaren hostoak?

 

 Aspaldiko eran

 untzi beltz luzeak

 badoaz irristan.

 Euri tanta finak

 harrien dirdiran.

 

 Nun dira desiraren loreak?

 Nun oroitzapenaren hostoak?

 

 Hainbeste hasperen

 entzuten noiztenka...

 Imajinatu nuen

 esku bat keinuka

 eztiki mugitzen.

 

 Nun dira desiraren loreak?

 Nun oroitzapenaren hostoak?

 

 Finale

 

 Bost mende hauetan

 hor zaude tristerik

 lehio gibelean

 begiak galdurik

 musika entzuten

 


inprimatu