Sugearen osagarria
René Char
I
Sortu berriaren arpegiaren beroa,
berotasun desesperatua kantatzen dut.
II
Ogiaren aldia gizakumea hausteko,
argi zirrintako edertasuna bihurtzeko.
III
Eguzki loreari fidatzen denak, ez du
etxe honetan meditatuko. Maitasunaren
pentsuak oro bereak bilakatuko dira.
IV
Ainararen ahoan, ortzantza formatzen da,
baratzea eraikitzen.
V
Beti, izango da ur ttantta bat,
eguzkia baino gehiago irauteko,
eguzkiaren goraldia trabatu gabe.
VI
Egizu jakitatea, ehun zatitako jakitatea
gordean atxiki nahi duenarena.
VII
Mundura datorrenak deusezen nahasteko,
ez du begirik ez pazientziarik merezi.
VIII
Kreazioneak kanporatu duelako,
zenbat iraunen du hiltzera doan gizaren
eskas honek kreazionearen erdian?
IX
Etxe bakoitza, sasoin bat zen. Hiria, halatan
errepikatzen zihoan. Biztanleek,elkarrekin,
ez zuten neguaz besterik ezagutzen, beren haragi
berotuagatik, itzaltzen ez zoan egunagatik.
X
Zure ezentzian zara gogorki poeta, gogorki
amodioaren gailurrean, gogorki justiziz
eta egiz egarri. Menturaz, zure kontzientzian
osoki izaten ahal ez zarelakoa gaitz beharrezkoa da.
XI
Existitzen ez den arimaz, gizaki
hobeago bat moldatuko duzu.
XII
Begira, zure herria mainatzen duen
itxura ausarta, luzaz iheska joan zaizun
atsegina.
XIII
Asko dira uhin bortitzak altxa ditzan,
helburuak gaindi, beha daudenak,
mugatzekotan.
XIV
Eskerrak bihurtzkiotzu zure damuaz
griñatzen ez denari. Zure parekoa da.
XV
Negarrek beren konfidentea
mespreziatzen dute.