inprimatu
Nigar egin dut
Izenburua:
Nigar egin dut
Sinadura:
Patxika Etxalai
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxalai, Patxika

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1987
Argitalpenaren urtea:
Alea:
14.zk.
Orrialdea:
16

Nigar egin dut

 

Patxika Etxalai

 

 Nigar egin dut ixilean

 Bai nigar

 Polizia sartu delako

 Gure etxean

 Dena miatu dutenean

 Hor nindagon indar gabean

 Ez jakin zer egin

 Ez jakin zer pentsa

 Zer pasatzen ote da

 Zer egin dut?

 Nere izaiteak zer ote du?

 Horrela mendratua, mesprexatua,

 Horrela zapaldua izaiteko?

 Ez nintzela gehiago nere etxean

 Hoiek zutela podere guzia

 Nahi zutena behatu,

 Miatu, hunkitu...

 

 Nigar egin dut gabean

 Bai nigar

 Nere barnea bortxatu dutelako

 Nere izaitea zapaldu

 Zer bonba bihotzean

 Ikusten eta entzuten ez den bonba

 Irakurtzen eta oihukatzen ez den bonba

 Eta hor nago nere baitan

 Kolpatua, zauritua

 Minez hantua.

 Noiz arte horrela lehertuak?

 Noiz arte dutela manatuko

 Ixilik onartu behar

 Zuzen kontrako legea?

 

 Nigar egin dut ilunean

 Bai nigar

 Poliziek hartu dutelako

 Gure Herria

 Goiz batez goizik goizean

 Sartu direnean gure etxean

 Haizkoraz joz leihoetan

 Palangarekin idekiz ateak

 Denak hautsiz, xehatuz

 Zer salbaikeriak

 Animalekeriak, ahalgengarriak!

 

 Haur, emazte, gizonak

 Zituztela herraz sartzen autotan

 Batzu mugara eramaiten

 Bertze batzu deportatzen

 Eta bertzeak libratzen

 Zer torturak bihotzetan

 Zer torturak gorputzetan

 Noiz arte holako egitateak?

 

 EZ EZ eta EZ

 

 ASKI

 

 Nahi dut bakean bizi nere Herrian

 Nahi dut libre egon nere etxean

 Nahi dut nere izaitearen jabe izan!

 


inprimatu