Otsogorri
Jean Louis Davant
- 1 - Basabürüko hegian
Orhiet'Ahüñamendi
Gure giganteen erdian
Bat, bi, hirur Otsogorri
- 2 - Zü lehenik Gaiñekoa,
Düdarik gabe handia,
Apal baitüzü ttipia,
Hirugerrena,pekoa.
- 3 - Arren gainek'Otsogorri,
Zü egiazk'Otsogorri,
Balio dükezü Orhi
Goraz ere abantzüñi.
- 4 - Goratarzünez abantzü,
Ederrez lehen zira zü.
Orhi errege dadügü,
Zü erregiña zütügü.
- 5 - Otsogorri, Otsogorri,
Zure hegian azkorri,
Zure maxelan sokorri,
Aldepean nor egarri?
- 6 - Ipar aldeko baxetan,
Zelüko hurak turrustan
Ehün kanako jauzitan
Arrokatik jauzten Pistan.
- 7 - Pistaren alde gainetik,
Ttünttür baten ttünttürrean
Harespil bat biribilik
Soropila orlegian.
- 8 - Arbasoen hilerria,
Arimaren baratzea,
Hitarik hüllan zelia,
Heben denekiñ batzea.
- 9 - Zaharren eki saintia,
Artzainen lür sakratia,
Hortik, sentoralaria,
Besarkatzen dün mündia.
- 10 - Kürkürian sargia bat
Zuri zabal, Otsogorri.
Hantik sos Maidalenalat
Bazterrak zoin txorogarri!
- 11 - Portilloren haraintian,
Eguerdiz eki xurian,
Hüxtülan hegoa latza,
Eta üngürüz ügatza.
- 12 - Zü halaber, Otsogorri,
Bortien andere xuri,
Nafar aizeen mezülari,
Bi hegalez iparrari.
- 13 - Batetik Malta, Ardane,
Miraküilüzko arana.
Baxen ez bahiz herabe,
Sar beste mündian barna.
- 14 - Bestaldetik Harlüzia,
Bürüxieta, Zakia,
Etxahunen Igelua,
Begien bazkatzekoa.
- 15 - Erditan gure segeretia,
Bide gabeko ibarra,
Hur bizien üturria,
Misteriozko indarra.
- 16 - Han artzainen erresuma
Bihotzez maite dügüna,
Baina heben dün arima
Hurtatzen daikün arana.
- 17 - Goian Utürrurdineta,
Hoinetan zilar tzapasta.
Lamiñak leizen behera
Hantik jaixten ümen dira.
- 18 - Udako ekitoltzetik
Goazan sendaren behera
Turrustaren saihetsetik
Oihanean freskatzera.
- 19 - Borroka beroz aserik.
Mendien sabeliala
Utzültzen nün, desertütik
Edenek' oasiala.
- 20 - Ixilean ostoz osto
Xortaka itzal güzitik
Sartzen zaikü baketürik
Negüko elürra oro.
- 21 - Hau da gure gordagia,
Zelü lürren opiloa,
Xiberoaren erroa,
Lürreko paradüsia.
- 22 -Bagoen Katedralean
Ala hegiko argian
Ni heben Joseba baino
Ahalaz tobaritxago.
- 23 - Ardaneko soropila,
Otsogorriko maxela,
Arranoaren hegala
Et'aizearen txürüla,
- 24 - Ttünttürreko harrespila,
Turrustaren jaitx ahala
Eta bagoen itzala
Beti horra zaizt bistala.
- 25 - Otsogorri, Otsogorri,
Zoin llabür plazer hori!
Zütarik Pettarriala,
Ametsetik laniala!
- 26 - Udako ihes lekia,
Negü beltzeko lekia,
Leihotik zütüt ikusten
Zelian txütxüt argitzen.
- 27 - Batean elürrez xuri,
Bestean urdinez bezti
Edo hegoetan gorri,
Bortüko andere Mari!
- 28 - Zure bistan, Otsogorri,
Nahi nüke zühür bizi,
Zure bistan, Otsogorri,
Zühürki bizia ützi.
|