inprimatu
Schopenhauer...
Izenburua:
Schopenhauer...
Sinadura:
Isaac Vencejo
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Vencejo, Isaac

Argitalpena:
Txistu y Tamboliñ.
Urtea:
1992
Argitalpenaren urtea:
Alea:
y aquí se mata a quien haga falta
Orrialdea:
28-30

Isaac Vencejo

 

         SCHOPENHAUER

 Zezena adarretatik heldu nahi

 eta zezenik ez edo

 zuzendaritzara heltzea

 zuzena izan gabe.

 Baina hau esan zizutenean

 ez zuten pentsatu

 behi apatxak zapalduta

 ospitale honetara ekarriko zintuztenik.

 

         AVERROE

 Materiaren eternitatearen

 arabera

 Espainia zuena da.

 Txuringodolezko zaldunek

 ez daukate inolako eskubiderik,

 gainera nahiko lanpetuta dabiltza Iparraldean

 ipurdirako sendabelarrak bilatzen.

 

         BOECIO

 Ordenagailuen alegiazko errealitatea

 eta

 eguneroko ildurazko lanaren artean

 sortzen da

 nire poesia.

 Baina sukar guztiak

 ez dira aspirinaz sendatzen,

 eta gaixotasun hau

 Grezia eta Erromatik

 pasa eta gero

 Erdi Aroan jaustea bezalakoa da.

 

         MOLINEUX

 Itsuaren kasuan

 arazoa ez datza

 irakurmena ala ukimenean,

 ezikusiarena egiten dugunongan baino

 edo begiak nirrotuz

 betaurrekoez oroitzen garenean.

 

         E.M. CIORAN

 Ez dakizula zer den

 gehien amorrarazten zaituena?

 Normala,

 konturatu zinen

 zure azukre tontorra erre eta

 flanaren azpian

 jarri zizutela,

 idulezterakoan

 jatera zindoazela

 nazka harturik

 oka egin zenion gainean.

 

         EPICURO

 Bizi naizeno

 ez naiz heriotzaz gogoratzen

 hil eta gero ez naiz gogoratuko.

 Herio fikziozkoa

 ez gaituk hire beldur

 Mari geure alde zeukeagu

 suzko igitaia prest zeukak

 heu hiltzeko.

 

         MARX

 Izan iragankorra

 eta

 izan iragangaitzaren artean

 zer izango denaren aiduru jaio zinen.

 Ba al zenekien "bazkaldu" aditza

 iparraldean iragangaitza dena eta aldiz

 iragankorra hegoaldean?

 Hau kontraesana 3. mundukoentzat!!!

 

         WITTGENSTEIN

 Fisikalariek jokoz kanpo

 utzi zaituztela diote,

 horregatik sartu haizela

 hitzen tratulari.

 Alabaina mintz denak

 ez du inoiz izango

 barrukoaren berri.

 

         FREUD

 Hipopotamo inobreak dira

 gure burmuineko azi-orraziak.

 izan ere beren alabekin narrutan egiteak

 zorte ona ematen die

 egunsentiarekin etorriko diren

 hipopotamoen ehiztariei.

 

         PLATON

 2000urtetan egindako philosophia

 hire saioei oharrak jartzea

 izan omen da.

 Ideien txerpolariagorik

 hats iraskorragorik

 ez da izan,

 eta guzti hori inmuno eskazia aipatu gabe.

 

 


inprimatu