inprimatu
Arrosa gorriak
Izenburua:
Arrosa gorriak
Sinadura:
J.L. Tinoco / J. Niza / M. Alegre
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Arantxa Arrizabalaga)
Egilea(k):
Arantxa Arrizabalaga
J.L. Tinoco / J. Niza / M. Alegre

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1992
Argitalpenaren urtea:
Alea:
29.zk.
Orrialdea:
28-31

Arrosa gorriak

 

J.L. Tinoco

J. Niza

M. Alegre

 

euskaratzailea:

Arantxa Arrizabalaga

 

 Maiatzean jaio nintzen

 arrosen hilabetean, diote,

 agian horregatik arrosaz neure lorea egin nuen

 —sinbolo bat—

 nere buruarentzat bandera mota bat

 eta urtero

 maiatza iristean

 edo zehazkiago maiatzaren hamabia

 goizeko hamarrak eta laurdenetan

 —ni jaio nintzen ordua—

 amak nere gelako atera irekitzen zuen

 musu batez esnatu

 eta arrosa gorri sorta bat ipintzen zuen ontzi batean

 hitzik gabe

 bere eskuek soilik, arrosak konpontzen

 irriz eta samurtasunez betetako isiltasun harrigarri hura ofiziatzen zuten

 

 Garai hartan eguzkia nere leihoan bertan jaiotzen zen.

 Leihoa irekitzen nuen:

 aurrez, enparantza

 ijitoen enparantzako zuhaitz zaharra

 Maiatza iristean leihoa irekitzen nuen

 eta ijito karroza eta ke usain horretaz mozkortzen nintzen

 eta nere leihoko bidai guztien haizea arnazten nuen

 munduko hiriburua

 bide guztiak hasten ziren enparantzari begiratuz.

 

 Eta dena zihur zegoen garai hartan

 edo behintzat

 ezerk ez zuen erremediaezinaren zaporea

 ez eta nere izebaren heriotzek.

 Denbora luzez argazkietan eta lorategian jarraitu zuen

 magnolioen itzalean bordatuz

 etxean zehar zebilen

 eguneroko hots txikietan

 pixkanaka pixkanaka

 nere izeba lehen eseritzen zen aulkian orain eseritzen

 ziren ausentziekin nahastuta joan zen arte.

 

 Eta beste egun batean

 betikotasun gainean ezarrita

 dena betirako zihur balego bezala

 begi askok nere loa zaintzen

 batzuetan ameskaiztoak nituen gauerdian urduri esnatuz

 nazirudien zerbait puskatzear zegoela

 eta orduan nere hotsa: ama!

 eta segituan, hots horrek, hain gozoa lasaia nere baitan sarturik

 fantasmak bidali egiten zituen

 eta berriro nere gela zen

 nere etxeko epeltasun gozoa

 samurtasunaren gailurrean.

 

 Ez zegoen poliziarik garai hartan

 inork ez zuen nere loaren lasaitasuna lapurtuko

 inor ez zen gauerdian etorriko ni eramateko

 nahikoa baitzen nik deitzea: ama!

 eta segituan ahots horrek, hain gozoa

 fantasma bidali egiten zituen

 eta berriro pakea zen.

 

 1963.go maiatzean espetxean nengoen

 batzuetan gauerdian

 garrasi batek nere buruko

 —nere bizitzako ere esango nuke—

 ardatz nagusiak lehertzen zituen

 eta izerditan esnatzen nintzen

 minberatua

 arratoi batek —beldurrak agian? urdaila marraskatuko balida bezala

 Eta alferrik deitzea

 Non zegoen lehen loa bere lekuan nere baitan pakea eginaz

 berripintzen zuen ahots hura?

 Eta non esnatzea festa bat zen maiatzaren goiz haiek?

 Non zegoen samurtasuna?

 Non nere bizitza?

 

 1963.go maiatzean espetxean nengoen

 lo egiten nuen

 —nola esango nuke?—

 minutu bakoitzaren gainean esna

 erremediaezina ikasia nuen

 nere baitan zerbait betirako puskatu egin zen

 betirako?

 Zer esan nahi du betirakoak?

 Alferrik deitzea,

 bakardadea fisikoki ikasia nuen

 nahiz eta norbaitek aldameneko gelan

 —nere herriko ahots urruna balitz bezala— «Aurrera!» esan

 Ni, lehenbiziko aldiz,

 fisikoki bakarrik nengoen nere ametsaren barruan

 batzuetan nere buruko ardatz nagusiak lehortzen zituen garrasiz

 betetako ametsaren barruan.

 Non zegoen fantasmak kanpora bidaltzen zituen ahots hura?

 Eta ikaragarria zen bihar gabeko goiz hura

 hormez, mailaz, garrasiz, galderez egindako errealitate zuri eta hotz hura

 nahiz eta aldameneko gelan, norbaitek

 —hatzez horman joaz esan: egun on!—

 Ikaragarria zen zazpi pausoko luzera eta zabalera zuen

 inguru estu hartan esnatzea

 hain arrotza hain minberagarria

 

 Ameskaiztoen uneak bezain arroz eta minberagarria

 esnatzeak errealitateak ez zuela ameskaiztoa desegingo egiaztatzea baitzen.

 Nahiz eta nere hatzek hormak joaz, burua altxata,

 «egun on!» erantzun zezakeen gizon hari berriak bidali.

 Ikaragarria zen maiatzean esnatzea

 zihur jakinaz hamabian nere ama ez zela gelan sartuko

 nere kopeta musua eta nere hogeitazazpi urteen gainean arrosa gorriak utziz

 Agian Zoriontasunari uko egin beharko zaio Zoriontasuna lortzeko?

 

 1963.go maiatzean espetxean nengoen

 Bakardadea ikasia nuen

 Baita ere gure indar guztiekin oihuka dezakegula

 gauerdian esnatzean garrasi bat buruan eta arratoi bat

 —beldurra agian?— urdaila marraskatuz,

 inor, inor ez dela etorriko gure baitan pakea berripintatzera

 eta orduan jakin daiteke gizon baten ardatz nagusiek iraungo duten

 zeren, bakarrik zure ahotsak, lagun

 erantzungo gauean zure deiadar torturatuari.

 

 Eta ordu horretan

 ordurik bakartiena

 hortzak estutzea, horman kolpe bat ematea eta zigarro bat piztutzea lortzen

 baduzu

 zure barruko zokonagoan bakardadearekin geratzea lortzen baduzu,

 zer alaitasunez,

 zer harrigarrizko alaitasunez erantzungo duzu hurrengo goizean: «Egun on!»

 nahiz eta ikaragarria izaki maiatzean

 zazpi pausoko luzeera eta zabalera duen

 inguru hotz eta zuri horretan esnatzea.

 Egia da beste bide batzu aukera ditzakegula

 baina, beste biderik aukera nezakeen?

 Lasai lo egin nezakeen egon nintekeen lekuan

 jakinda gauean jotzen duten gizakiak daudela?

 Oihu egiten duten gizonak daudela?

 

 Fantasmak nere ametsean sartuta zeuden

 samurtasunaren gailurrean egindako nere etxean indarrez sartuta zeuden

 fantasmak nere herriko jabeak ziren

 eta bat batean, gauerdian etorriko balira eta nik hotsegingo banu:

 «Ama!»

 nere amaren ahots gozoak

 ezingo zuen ezer egin haien aurka.

 Nere lana zen

 zapalkuntza ezin jasan dugun guztion lana

 nik inoiz ez nuen zapalkuntza jasan ahal izandu!

 Agian beste biderik aukera nezakeen?

 Horregatik

 1963.go maiatzean ni espetxean nengoen,

 hau da,

 nolabait, nere lekuan nengoen...!

 

 Hamabian ez nintzen nere amaren musuaz esnatu.

 Goiz hartan,

 ezin dut ziurtasunez esan ez bainuen ordularirik

 baina agian hamarrak eta laurdenetan,

 —ni jaio nintzen ordua—

 gartzelariak atea irekirik nere amaren eskutitz bat —irekita jadanik— eman

 zidan

 eta bortxatutako eskutitzaren barruan zetozen orriak zabaltzean,

 arrosa gorri baten petalo gorri bat

 —odol malkoa balitz bezala—

 nere gelako lurrera erori zen.

 

 


inprimatu