Mundu huntako bizia
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
1
Kantuz esplikatzeko munduko bizia,
Adin guziez nola hoi den ikusia:
Haurrean desiratzen laster haunditzia,
Orduan da kausitzen denbora luzia. (Bis)
2
Haunditu garenean eder eta gazte,
Parerik badugula orduan ez uste:
Espantu balentriak badira nahaste;
Bizia iduritzen unis eta luze.
3
Jende gaztea bethi delakotz hez-gaitza,
Denak ikasi behar: lana eta dantza;
Gogoa alegera ta libro bihotza,
Libertitze hoikien ondotik gabiltza.
4
Urbildu garenean hogoi bat urteta,
Famila muntatzea gaude pentsaketa:
Orduan jakin behar betikotz nor hauta,
Ardurenik ezkontza loteria baita,
5
Jendea moldatzen du segur ezkontzeak;
Emeki uzten dira gazteko usaiak;
Kuraiekin on-hartzen haur eta susiak,
Indar haundia baitu elgar maitatzeak.
6
Haurrak haunditu-eta, laguntza etortzen.
Orduan ari gira ontasun edertzen;
Geroari pentsatuz muzkin zonbeit biltzen;
Ondotik ere zerbeit atxeman dezaten.
7
Ondotik haurren haurrak etortzen baitira,
Emeki eztitzen da laneko kar hura;
Orduan sobra laster pasatzen denbora,
Itzulia urbildu delakotz burura.
8
Zahartzeak jendia tontotzenn azkarki;
Denetako gostua galtzen da emeki;
Erran zahar hau usu gogoan ibilki:
«Zaharrak ahal balu, gazteak balaki.»
9
Goiz edo berant denek mundutik gan behar,
Aberats ala pobre, gazte eta zahar;
Molde huntan ginuke bethi bizi behar;
Ehun urtetan hilen edo berdin bihar.