inprimatu
Ikus arte, Mattin
Izenburua:
Ikus arte, Mattin
Sinadura:
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Panpilli

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1981
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1613.zk.
Orrialdea:
5

Ikus arte, Mattin

 

Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)

 

 1

 

 Euskal-Herria dugu ainitz penatua

 Bere seme bat berritz betikotz galdua

 Euskaldun haundi bat zen denez maitatua

 Ez da berriz entzunen Mattin Ahezkoa.

 

 2

 

 Gazte gaztea baitzen pertsutan hasia

 Boz xarmanta ta maite kantutan artzia

 Zerutik ukan zuen dohain bat haundia

 Pertsuen ezartzeko gaitzeko aisia.

 

 3

 

 Kantari eder eta zer pertsularia

 Laster hedatzen zuen bere omoria

 Bisai gozo batekin errexki irria

 Zonbat etzuen maite euskaldun herria.

 

 4

 

 Guretzat herioa dena misterio

 Gure adimenduak konpreni ez dio

 Elgarrentzat dezagun izan amodio

 Gure azken orena etorri artio.

 

 5

 

 Horren galtzeak gaitu ezarri penetan

 Ez dugu ahantziko nehoiz mundu huntan

 Zeruan jarria da pertsulari tropan

 Jainkoa kantatzeko menderen mendetan.

 

 6

 

 Berritz ere galde bat adixkide Mattin

 Konprenituren duzu hitz laburrez bardin

 Otoitz zazu Jainkoa errespeturekin

 Pertsulari berriak nasai detzan egin.

 

 7

 

 Mattin hola galtzeak gaizki gaitu utzi

 Guretzat oinon luzaz behar zuen bizi

 Gure beharren jabe Jainkoa da nausi

 Ordainak jinen dira bihar edo etzi.

 

 8

 

 Ez baitago dudarik, jinen da ordaina

 Esperantza horrekin gaitetzen engana

 Ordaina izanike ahal bezen ona

 Luzaz egonen zaiku Mattin zure mina.

 

 9

 

 Bizkaia, Gipuzkoa, Alaba, Nafarra

 Xubero Baxenabar ni naiz Lapurtarra

 Ahetzen egin dugu zazpiz bat bakarra

 Ongi ohoratzeko Mattin Aheztarra.

 

 10

 

 Errespetu ohore eta laudorio.

 Euskal-Herri guziak Mattini zor dio

 Jainkoari eginez ainitz gomendio

 Agian zeruetan ikusi artio.


inprimatu