Biba "Emak-hor"!
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
1
Agur eta ohore adixkide maiteak
Emak-hor batasun hortan parte hartzaileak
Mahin huntara etorri gare dudarik gabe guziak
Ohoratu beharrez horren hiru hogoi urteak.
2
Hiru hogoi urte aurten egin du Senperen dela sortua
Orduan ttipi bezala orai eder haunditua
Bihotz barnetik egiten diot desira edo botua
Luzaz hola kontina dezan duen sail abiatua.
3
Ohore ta esker onak zuri president jauna
Horren artatzen pasatu tutzu ardura gau ta eguna
Ezin aski estimatua zuk hor egin duzun lana
Jainkoak derautzula betiereko zoriona.
4
Zaharrek hasi saila gaztiek segituz
Batzuek klikan eta bertze batzu kantuz
Denen borondate ona elgarretaratuz
Batasun hau joanen da gero ere haundituz.
5
Plazer haundiek ere badituzte penak
Huts atxemaiten tugu etorri ez direnak
Zenbait betikotz dira mundutik joanak
Goizegi hatxeman tu hiltzeko orenak.
6
Zahar bakar batzuek ta zer gazteria
Ezin diot esplika ene alegrantzia
Zuen artean egun hemen izaitia
Biba «Emak-hor» eta Senpereko herria.