"Zezenak" bortizki
Zaldubi
San Fermin festak aurtengo urtean
ez dira izan gozoak,
FESTETARAKO DENAK ETXERA
ziren herrian asmoak,
bainan ez zuen asmo berdina
Martin Villa ministroak,
eta Iruņan indar hartu du
festan ordez gorrotoak.
Ezin dut ahaztu larunbatean
zezen plazan gertatua,
festan hasita sarraski baten
izan bait zen burutua,
erakundearen bortxa berriro
izan zaigu loratua,
kupida gabe tiroz odola
zenbaitei xurgatua.
Hainbeste mila pertson egonik
bortxakeriaz sarturik,
"herriko pake indarrak" bainan
nahastzaile bihurturik,
tiroka hasi ziren denei
ezker-eskuin suturik,
ume, guraso, gazte ta zahar
irten behar izuturik
Eta ondoren gertaturiko
burrukak ez du izanik
abere batzun gisa ibili
eta gizonak izanik,
tiroak bota, erre, kiskaldu
ahal deria deseginik,
berotuz gero ez da gelditzen
Nafarroako gizonak.
Erakundearen bortxakeriak
maiz digu erasotzen,
eta "herriko pake indarrak"
nahasketak ditu sortzen,
esan beharrean arkitzen naizta
ez naiz benetan ausartzen,
odolak beraz ez duela inoiz
odola baizik ekartzen.
Berrogei arte jasanagatik
beste berrogei espero,
zapalkuntza ta bortxakeria
ikusiaz egunero,
arduraduna nor ote den
ezin argitu aldiro
erru guztiak berak izanik
herriari bota gero.
Bat hilik eta ehunka zauritu
zezen plazako otsoak,
negarrez daude Iruņa aldean
ume eta gurasoak,
tiroka eta bortxaz joan dira
aurtengo festa gozoak,
eta herrian lutoz jantzirik
arkitzen dira hauzoak.
Jokaera hauk sortu ohi dute
bihotz barnean maiz harra
eta ondoren bortxakeria
izaten da jaun bakarra,
bainan honeri jarri diote
Madrilen lege azkarra,
euskaldunari tokatzen zaio
beti isildu beharra.
Terroristaren aurka legea
bere aldetik daukate
erakundeak bortxaz ekinik
inoiz errurik ez dute,
kupida gabe zauritu eta
hamaika hil dezakete,
bainan herriak erantzutean
harma ta legez datozte.
Lutoz jarririk arkitzen zaigu
berriro Euskal Herria,
ahaztu baita maitasunaren
agindu txalogarria,
beraz sekula ez da aseko
hoien odol egarria,
sarritan hau da Euskal Herriko
destino negargarria.