OTA sortu dutenei
Zaldubi
Atera beharko dut
orain bertso sorta,
nola min ematea
ez zaien inporta,
Donostin dugu plan bat
deritzana OTA,
norbait behar genduke
itsasora bota.
Donostian ezin da
inoiz aparkatu,
eta Udaletxeak
ezin du barkatu,
azkenik justizia
bere esku hartu,
ta kotxeak bahitzera
gruari behartu.
Udaltzain berri batzuk
dituzte atera,
sira urdin batekin
jantzita gainera,
ohialezko txapela
burutik behera,
bi botoe txurikin
hornitzeko bera.
Egiten duten lana
ez da berriketa,
langile pobreari
azkar lapurreta,
aparkatu nahi bada
behar papeleta,
ez nekien bazenik
horrenbeste jeta.
Aparkatu liteke
ordaindu ezkero,
ez nuen holakorik
sekula espero,
Udalak eukiko du
poltsa nahiko bero,
kaleratu bait ditu
zenbait bandolero.
Gerritik zintzilika
dute radioa,
nornahiri egiteko
laister azioa,
grua bati deitzeko
dute bizioa,
herriari eskeintzeko
hau serbizioa!
Dirua ohozte arren
heuren ahaleginak,
lehendik ere ez dira
gutxitxo eginak,
hoien zaletasunak
ditugu jakinak,
kartzeletan ez daude
lapurrik haundinak.
Matrikula hartzeko
lapitza abila,
eta bahitu dituzte
gutxienez mila,
ederki hazi dute
diru kutxatila,
dirudite zakurrak
hezurraren bila.
Horrela ibiltzeak
ez dit egin grazi,
eta zerbait pentsatzen
ondorean hasi,
kotxe zahar ba duenak
hainbeste desgrazi...
beharko dut etxera
igotzen ikasi.
Lapurrak egin dira
herrian ugaldu,
eta aurrera ez dut
nahi gehiago galdu,
eroslerik badago
lehenbaitlehen azaldu,
daukadan kotxe zaharra
nahi dut eta saldu.
|