Haziendari deklaratu beharra
Zaldubi
Lapurrak lapurtzen du
beharra duelako,
gose daukalako,
bainan ez inoletan
alferra delako,
giro pobre batetan
jaio zelako,
beste irtenbideak
moztu zaizkiolako,
eta haziendak berriz
gose dagolako.
Lehenago gutti hartuta
orain gehiago nahi,
ezkurrari jarrai;
denen aurrean joaz
soinu eta kanpai;
lapur ttikiak daude
kartzelan lizungai,
bitartean haundiena
kanpotikan lasai,
beraz nonbratzen dut hau
lapur denen artzai
Zerri goseak beti
ezkurretan amets,
al badeza irentsi
ta bere grina hori
ez daiteke sinets,
inolaz ezin bete,
bere hainbat saihets,
dena bukatu arte
ezin du erdiets,
zerririk haundiena
hazienda baietz!
Dirua aisa lortu
ta lepoa lodi,
«errez etor bedi»,
hortarako badute
hainbeste legedi,
ta ez dute botatzen
behar hainbat izerdi,
ondoren ezkutatu
maiz zenbait alderdi,
agertuz ehunetik
hamazazpi t'erdi.
Euskal Herritik doa
horrenbeste diru,
ezin esan klaru,
hamar eraman eta
bueltan dator hiru,
bidean galdutzen da
hainbeste kopuru,
beraz gure herriak
ez dauka asturu,
ta gure etorkizuna
ez dago seguru.
Diruarena ez da
oraingo musika
eta politika;
eramanak dituzte
hemendik hamaika,
eta handik zer dator?
jipoia milaka,
beti ibili behar
kalean korrika,
eta herriak dirudi,
Pikason «Gernika»
Poliziak milaka
gainera tanketak
baita eskopetak,
diruak eramanda
ekarri pelotak,
dohainik dakartzate
keak ta zaratak,
egunero jotzen du
holako enbatak,
gure diruz mantenduz
holako piratak.
Deklara ezazue
bakoitzaren zorra,
beteaz altxorra,
ta ez zaigu faltako
inoiz ere porra,
bide hori omen da
benetan jatorra,
deklaratu ezean
daiteke izorra,
nahi duena egiteko
lege orokorra.
|