Gure arrantzaleak
Zaldubi
Gure arrantzaleak
ahaztu ditugu,
bainan lagundu behar
lotsarik badugu,
hoien bizitza latzaz
sobera dakigu;
arbuia diegu,
eta Venezuela
bidean dauzkagu.
Bizitza arriskuan
uraren gainean,
familiatik urrun
ia gehienean,
ontzia eta zeru
beti urbilean,
arraina beti ihes
egaztiak airean,
diru pixkat etxean
eraman nahiean.
Itsasoko bizitza
oso penatua,
otsaeta bustitik
badute nahikua,
hamaika gau lanean
gogor arituak,
otordurik ere ez
errespetatuak,
eta sarien ordez
mespreziatuak.
Hamalau ordu eta
gehiago lanean,
urdaila hutsa eta
itsasoa aurrean,
arraina somatzean
poza bihotzean,
zerbait izango dela
jateko etxean,
naiz eta saldu behar
erdi prezioan.
Hain beste kosta eta
arraina ekarri,
urrutitik pozetan
dirade etorri,
kaia gainean nahi
dute lehen jarri,
bainan gelditu dira
oso negargarri:
ogei pezeta hutsik
baitie ezarri.
Lana ugari eta
nekeak gehiago,
arrantzalearentzat
dirurik ez dago,
aurten egonagatik
bizitza gorago,
arraina saldu behar
askoz merkeago
horrela jarduteko
aldegin nahiago.
Frantziko aginteak
lurrean ez ezik,
itsasoan ere asko
aurten agintzen dik,
beraz berrehun mila
bereganaturik,
ezin dute hoietan
egin arrantzarik,
ez badute agertzen
beren lizentzirik.
Beti jardunagatik
arrantzan han bertan,
hirutik biek ezin
arrantza haietan,
arrapatu ezkero
multak bizkarretan,
hirurogeita gehio
eroritakotan,
pobretasuna dago
arrantzaleetan.
Gure agintariek
baztertu dituzte,
eta esperantzarik
batere ez dute,
lana eginaz gero
multatu hainbeste
etxean egotea
hobea ez ote?
esker hori ez dute
merezi nik uste.
Gure arrantzaleei
ogei bat pezeta,
eta guk erostean
ehundik pasata,
horretarako inoiz
arrazoirik ez da,
lana egin duenak
gutti kobratuta,
diruzaleak ez du
utziko aseta.
Mundu honetan maiz
ohi dut ikusi,
basatiena dela
askotan nagusi,
handiak txikiena
ahal badu irentsi
lana eginagatik
ahal badu gaitzetsi,
eta besteren lanaz
bere poltsa hazi.
Gure arrantzaleak
daude negarretan;
dirua auzoan da
mina bizkarretan,
laguntza eskatuta
bakarrik uretan,
urrutira dihoaz
penaren penetan,
suerte hobea duten
alderdi haietan!
|