Erretzaileei
Zaldubi
Bertso batzuek erretzaileei
hartu dezaten ardura,
ikusirikan arazo honek
hartu duen hedadura,
zigarro bat piztuta,
behatzetan hartuta,
markes batzuen modura,
baina norbaitzuk aberastuaz
zigarro hoien kontura.
Goizean goiztik esna orduko
zigarroa eta guzi,
oraindik ere diru dutela
nahi bait dute hoiek luzi,
nahizta egon lanean,
lasai nahiz ezinean,
erretzeari fin eutsi,
egun batean ikasi eta
gero ezin dute utz.
Zigarro hoiek nere ustetan
euki behar nekea,
inoiz edo behin gabe gelditu
eta laister da eskea,
hauxe da biziua,
berakin aziua,
sua dagonean kea,
kutsadurarik ez dugu behar
ta eman zazu pakea.
Tabakoaren eraginez maiz
erretzeko ahalegina,
mendi puntako haizean ordez
barruratu ke urdina,
hori da osasuna,
gauz horri maitasuna,
nahiz txarrerako egina,
titien gisa beti tiraka
amaorde bat zikina.
Hementxe dugu ia guztiek
erabiltzen duten droga,
gauz honen berri zihur edonun
erraz liteke aproba,
jendetzaren artean,
bileraren tartean,
beti norbait egongo da,
kedun tximini baten antzera
hau zoritxarreko moda.
Aukera bada: Celtas, Ducados,
Whiston eta Fortuna,
tabako beltza ala rubio
ta nahi bada filtroduna,
pentsa gabe geroa,
pizten da metxeroa,
zurrupatuaz al duna,
ba ote daki horren trukean
utziko dula fortuna.
Ezpain ertzean txupete hori
ai zer nolako plazerra,
baina bizio guztiek dute
ondorenean eskerra,
gau guztia estulka,
karraziz ta ohiuka,
etor daiteke kantzerra,
barru guztia zikindu eta
ezin konpondu okerra.
Erretzaileoi gaurko honetan
egin dizuet bisita,
dena zikintzen era horretan
gaizki zaudete hezita,
erretzeko joera,
noiz ote bukaera?
egun batetan hasita,
mesedez denok alda zaitezte
umekeriak utzita.
|