inprimatu
Gogoetak
Izenburua:
Gogoetak
Sinadura:
Zabala, Xanti (Lexo, Lezo)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zabala, Xanti

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1986
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1115.zk.
Orrialdea:
47

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Gogoetak

 

Zabala, Xanti

 

 Pentsalarien mundu zorrotza,

 nahiz niretzako izan arrotza.

 Hor murgildu naiz berotu nahirik,

 arima barruko hotza.(bis)

 Eta honek hau diotsa,

 gizonak galdu du lotsa,

 gogortu zaio bihotza.

 Ez du entzun nahi kontzientziak,

 kax-kax jotzen dion hotsa.

 Sentimentuen bizi lekua,

 nihork ez dezala bortxa.!!(bis)

 

 Non da etika non da morala?,

 zabaldutzeko pake ohiala.

 Lotsagarri da bakoitzak nola

 egiten dugun ahala.(bis)

 Niretzat neurri zabala,

 lortu nola edo hala,

 horra gure 'ideala'.

 Nora goazke bide hortatik,

 eta hori da normala.

 Beste guztiak hor konpon bitez,

 hau jokaera tamala.!!(bis)

 

 Errua beti besteri bota,

 bat baino hobe milako sorta.

 Gezurra dela dakigun arren,

 ez zaigu asko inporta.(bis)

 Makilakaden errota,

 arrazoiz nork ez gorrota,

 baina eroriak horta.

 -Ni garbi nago- eta auzora,

 botako dugu pilota.

 Duintasunaren giza markoa,

 bai dago pipiak jota.(bis)

 

 Beti arrazoi guk dugu hemen,

 orain gero ta bai ere lehen.

 Ez dugu inoiz obeditutzen,

 ez dugu egiten amen.(bis)

 Entzuteko hainbat kemen,

 izan ezkero bederen,

 baina jakin nola gauden.

 Bakoitzak bere astoai arre,

 'sooo' besteenei nabarmen.

 Zu pekatari dios otoitza,

 ongi ikasi genuen.(bis)

 

 Lanik ezaren arazo latza,

 non ez da entzun oihu garratza.

 Nagusiaren esku dagoen,

 bizi bidezko baratza.(bis)

 Gizadiaren urratsa,

 markatzen duen orratza,

 askok utzi du hor hatsa

 Hainbat paroan eta hainbeste,

 ordu extrakin gor datza

 Aberitu da solidaritzan,

 kurpil arteko ardatza.(bis)

 

 Justiziaren alde ez mintza,

 alperrikako duzu ekintza.

 Farregarritzat joko zaituzte,

 zer ohore ta zer aintza.(bis)

 Estimurik ez dun ihintza,

 falsifikatu den giltza;

 leku onean gabiltza.!!

 Gaur baietz eta bihar ezetza,

 edo nork jaten du hitza.

 Kantzerra baino okerragoko,

 senda ezinezko gaitza.(bis)

 

 Errespetoa auzokoentzat,

 ote dagoen hala deritzat.

 Besteri ezin opa diogu,

 eta nahi dugu guretzat.(bis)

 Hori ikusten dut behintzat,

 edo non dira emaitzak,

 hainbeste jo gaitu gaitzak.

 Geurea esan eta entzun ez,

 gor arteko elkar hitzak,

 konfiantzaren ate zabala,

 jo dezakegu hertsitzat;(bis)

 

 Maitasunaren kordela eten,

 on eta txarra ez da bereizten.

 Geuren zilborra besterik ezer

 ia ez dugu ikusten.(bis)

 Ohitura onenak uzten

 mingaina bihurtu ezten,

 ez dago giro irauten.

 Bidezko dena ere komeni,

 ez bazaigu aurretik ken.

 Edozer gauza egiteko prest,

 ezer ez da eragozpen.(bis)

 

 Gizatasuna kolokan dago,

 nor baino nor den teman gehiago.

 Ez ote gabiltza geuk sortutako,

 inbiriaren esklabo?.(bis)

 Ez daukat batere klaro,

 horrela balitz akabo,

 hau non gelditu, auskalo.!!!

 Eta bitartean lasai al gaude,

 burua besapean lo.

 Etorkizunak orain alditik,

 hau ote du erregalo.(bis)

 

 Etorkizuna daukagu ilun,

 argi biderik ez dakust inun.

 Hala ta guztiz beharko dugu,

 argi horren bila ihardun.(bis)

 Bestela laister alargun,

 hil kutxan eman behar mun,

 gero kirats eta lurrun.

 Giza balore denen kofrea,

 jaurtitzen badugu urrun.

 Gerta daiteken denen erruz,

 geu ginateke errudun.(bis)

 

 Mundu zahar hontan bagoaz, nora?,

 misterioa hor egongo da.

 Etsipenezko ostro iharra,

 ilusioaz nork lora?.(bis)

 Hauxe datorkit gogora,

 idea ezin albora,

 gogorra da 'metafora' .

 Ekaitzak bota digu untzia,

 kostatik urrun kanpora.

 Denok batera saia ezean,

 bagoaz itsas ondora.(bis)

 

 Ez dago zertan jokatu arin,

 helduak gara badugu adin.

 Hutsegiteak aitortu eta,

 goazen denok aurrera fin.(bis)

 Estutuz hortz eta agin,

 arraunak gogor eragin,

 gaindituaz neke ta min.

 Nortasunaren apur bat behintzat,

 gelditzen bazaigu baldin

 Gure untzi den Aberri Zaharra,

 betirako gal ez dadin.(bis)


inprimatu