Andre Franziska-ren alabak, bere amari egun-onak
Urruzuno, Pedro Migel
Egun sentiko izarra dago
Goizetik galde egiten
Zeruko berri egun onetan
munduan ote dakiten;
Sekulan baño ederragoa
Gaurko goizean da irten
Diyoalarik «ara Zeruan
»Aingeruak zer dabilten.»
«Tronu goy baten beren erregiñ
»Maitea egun onetan
»Jarririk ara danak kantari
»Non dauden bere onetan.»
Aingeru ayek egiten duten
Bezala zeru goyetan
Egiteko guk jarri dezagun
Kontu guzia ayetan.
Nola sarjiñ bat lore ederrez
Dagoanian betia
Ala birtutez beterik dago
Gure ama chit maitia;
Egongo balitz gure eskuan
Dana laztanga jatia
Uste genduke ateratzia
Bakoitzak bere zatia.
Begi ederraz, kolore gorri
Azala leun ta zuri
Irurogeita amar urtekin
Oso totolo ta guti;
Jaunak Zerutik grazia asko
Onegan ditu isuri
Paregabeko edertasunez
Serafincho bat diruri.
Samintasunak ta naigabeak
Sarri dizkigu arindu
Berak lan egiñ eta besteri
Alik guchien agindu,
Baña ejenplo ona emanaz
Alegin dana egin du
Alabak ondo maitatzen iñork
Ezin lezake berdindu.
Andre Franziska, ama maitea,
Esan al baño obia,
Zuri, gorria, berde, urdiña,
Belcharan, more, oria,
Kolore danaz apaindutako
Usai gozoko loria
Erruguz gaude eman degizun
Jaunak Zeruan gloria.