inprimatu
Nikola Etxegaray ene soldado lagun zenari
Izenburua:
Nikola Etxegaray ene soldado lagun zenari
Sinadura:
Trounday, Piarre
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Trounday, Piarre

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1819.zk.
Orrialdea:
3

Nikola Etxegaray ene soldado lagun zenari

 

Trounday, Piarre

 

 1

 

 Armadan sartu berria eta goiz jeikirik nindagola

 Soldadotegi gorte hertsian hasperena nariola

 Norbait hurbilduz erran zerautan pipa hila zitzaiola

 Sua emanik ohartu nintzan hor, euskaldun bat zagola

 Han ezagutu ginian elgar, orhoitzen hiza, Nikola?

 

 2

 

 Hi Senpereko, ni Ortzaizeko berri gintian lagunak

 Gure sor lekuz lehen solasak erabiltzen ditugunak

 Iduri zian biak ginela betidanik ezagunak

 Anaia batzu bezala jarri, nola ginen euskaldunak

 Arinagoak zitian gero guk han iragan egunak.

 

 3

 

 Hire kexua nik sinaturik jauzlari hegazkinetan!

 Behar gabeko erhokeriak zirela erraiten hautan

 -«Halako batez, ta zoritxarrez, gerta hindaike pusketan»

 Berdin egia izan zaikela pentsatzen nian artetan

 Hi zintzoago, izaite hori ez baitzen ene kaltetan.

 

 4

 

 Denbora horrek urteak ditik, orai hogoi-ta-hamabortz

 Geroztik elgar bakan ikusi, urrun bizi nizalakotz

 Ene lagunez ez nauk ahanzkoz ta sustut hi bezalakoz

 Aspaldian ez ele eginak, gaurkoun ordu zelakotz

 Joan den Bazkotan Senpereraino jina nindian hortakotz.

 

 5

 

 Hire arrebek eman berria, zauritu nauen nabala

 Heure andrea galtzeko doluz izanik jasan ahala

 Hiaur Baionan, eritegian, gaitzak hartua hintzala

 Orai mundukotz, hire bizia piru meheak zaukala

 Itzul jestuka, han gelditu nauk, zozo mutua bezala.

 

 6

 

 Giltxurrinetan egin dauk beraz min lazgarriak ausiki

 Eritegirat hi ikustera ez jinik diat urriki

 Bainan ez nian aski bertute aitortzen daiat garbiki

 Etxerat jin nauk, ezin sinetsiz gaitzak hauela aurdiki

 Hire itxura sendoa nahiz beti gogoan atxiki.

 

 7

 

 Agorrilaren bederatzian berriz haut ikusi gogo

 Bainan mundua utzirik daukak zonbait oren lehenago

 Biharamuna, ehorzketako, hemen elizan bainago

 Hiru lau ehun, lagun aldea hitzat otoitzez baitago

 Hor ikus daikek zer lagun ona hugun orai gutiago.

 

 8

 

 Elizkizun bat ospetsu eta ederrari datxikola

 Lau esku gazten erhietarik hor zilintzo hindagola

 Hi ganat azken behako horrek lanbrotu naik zeru zola

 Gure munduko agert-aldia Jaunak izartzen dik hola

 Haren beraren,argian berriz ikusi arte, Nikola.


inprimatu