Kukuso gisa jarrita hemen
Treku, Mattin (Mattin)
1
Kukuso gisa jarrita hemen
nago segur pentsaketan:
udan ongi naiz bainan gatzkixko
segur neguko hotzetan;
aratsean baino aise azkarro
izaten bainaiz goizetan,
otruntza ederrak gauaz eginez
zonbeit gizon ta atsotan.
2
Negu partian nik gauak beti
ezteramazkat barurik,
ta nere ustez ez dut ba eiten
nehori ere malurik;
pixka pixka bat tentatzen ditut
atso zar hoiek segurik,
nere ihizin haitzen baitira
beren argia pizturik.
3
Ai zer aseak egiten tudan
hoiek daudelarik lotan,
ni ongi hazten naizelarikan
kexatzen dira frangotan
batean belaunean bilatzen naute,
bertzian berdin zangotan,
eta ni berriz laster gordetzen
beso azpiko bilotan.