Artzai zaarra
Pagogaña
Zaartu zaigu artzaia
bere ardien artean;
konkortu zaio sorbalda
laurogei urteen pean.
Txuria dauka illia,
elurra lez gallurean;
makilla bear eskuan
goruntz joateko bidean.
Iñoiz bañon laztanago
eratzen du artaldea,
txakurra bere ondoan
dagola begiralea.
Artzai zaarra zaintzeko
goiko izpi gozoenak,
urdin zabal ederrean
banatzen ditu Yainkoak.
Gaiñ-gaiñeko ola batian
dauka oraingo egoitza;
belarren usain gozoak
indartzen dio biotza.
Al'ere negu erdian
gaxotu zan aguria;
ezin jeikiz sumatzen zuan
artaldearen nekia.
Ainbeste lan ta kemenak
ote dira uts-utsetan?
Alaxe zion artzaiak
bere gogai beltz-beltzetan.
Bear bada ametsetan
agertu zitzaion tanpez
goiko bialiaren bat
ziola mintzo gozoez.
"Ni naiz artzai yainkotiarra
zure ordez etorria;
zerua daukazu orain
betiereko aberria".
Ardi oro bildu ziran
goi-artzaiaren mendean,
ta bestearen gogon
joan zan argizko bidean.
|