Gure gidariari
Tapia, Ion
Hormen itzalak luzatuz doaz
gunea dago isila,
noizbait zohargi zegoen bakan
orain goibel ta zurbila.
Zelda barneko hozkirri hontan
neke-hotsetan nabila,
bertso tristeok nola igorri
ene Herriaren bita?
preso txar honen luma txiroa
atxekabez bata hila!
Arrats minkorra etzana zaigu
ezarriz bere samina,
hodel ilunak gailendu dira
estaliz zeru urdina.
Dohakaitz bide, TXOMIN hil dela
goizetik dugu jakina,
bihotza eri, minez beterik,
ugalduz doa ezina,
lantuz gabiltza ezin irentsiz
horren albiste gordina.
Nekazarien oihu garratzak
zabaldu dira sorora;
langilearen orru ozenak
nonnahi eta edonora;
marinelaren batel prestua
hor dator portu zokora;
olerkariek triste diraute
bertsorik ezin gogora;
artzaia ere nigarrez doa
nekezka mendian gora.
Eliz-dorreko kanpai bortitza
entzuten da urrutira,
dolumin latza sartuaz doa
kale eta baserrira.
Aiton-amonak supazterrean
nigarrez hasiak dira,
malko mingotsez amonak dio
aitonari so begira:
Nola pasatu ilun hontatik
egunsentiko argira?
Hastapeneko zipar estua
nahiz izan astunegia,
indar berrituz irekitzen da
esperantzaren saskia,
Has bitez jada, zantzo, oihuka...!,
eraiki Herri guztia!,
denok batera kanta dezagun:
ZEIN EDER EGUNSENTIA!
Bizirik bata ortzean zehar
gure gidari handia.
Inork badio: Mendratu dituk!,
edo umezurtz gerala;
oldar bizian altxa gaitezen
esanez: Ez dela hala!
Alferrik habil zabaldu nahirik
etsipenaren oihala,
ez duk itzali, gorenean duk
abertzaleon morala;
hori kentzeko etsai guztiak
badakik gutxi dirala.
Bizirik dirau garaile gisa,
zutik da gure haritza!
Dantzan ta triskan ziren miruak,
larri ta makur dabiltza.
Baikor ta tinko hoien aurrean
guztiok gaitezen mintza;
jakin dezaten suspertu dela
Aberri honen bizitza,
eta halaber, badatorrela
bihar-etziko garaitza.
Herriko seme, maite, kuttuna,
ereile, leial, jatorra...,
hazi emankor, bitxi, xarmanta...,
lurralde honen altxorra,
uzta ederrez jantzia diguk
Aberriaren alorra.
Erne jarri duk ezbaian zena,
adi zegok entzungorra,
nondik sartu duk gure baitara
horren oihartzun baikorra?
Alderdi batzuk azaldu ditek
daramten esklabotza,
ez hautela nahi seme bezala
egina ditek aitortza.
Euskalerrian jaio direla?
bainan... non zeukatek lotsa!
Zergatik beti faltsuen pare
laudatuz etsai arrotza? ,
morrontza bide, irain nahiean
Aberri honen bihotza?
Alferrik dituk laido guztiak,
hori duk berri zaharra,
gure helmuga jarria zegok,
iraultzak badik indarra.
Eskerrak hiri GIDARI JAUNA,
euskal-semeon izarra!
Agur honekin egin nahi diat
gure promesa bakarra:
Egunen batez entzungo dela
garailearen adarra.