Itsas-deia
Andonegi, Ziriako
I
Ogi bidian aldendu bear
itsas aundi zabalera,
negar-malkoak agertzen zaie
gogotsu begietara.
Etxekoari agur egiñaz
dijoaz urrutietara,
burua makur, biotza biguñ
noiz biurtuko ostera!
II
Itsas urrundik agertutzen da
KALBARIO'ko bizkarra,
gure guraso ta asaba zarren
sinismen argi bakarra.
Mariñel denak txapelak kenduz
Kristo'ri lenen agurra,
gero guziak itsasos aruntz
bakoitza bere kalara.
III
(Senarra'k emaztea'ri)
Odai illunak inguruetan
ona ez itsas-aldia,
"AITZOKALETIK" begira dago
"MAXANTIN" arrantzalia.
Zer egingo det, orain, Prantzizka
neure emazte maitia?
Ez da itxura bestiak joan ta
ni etxian gelditzia.
IV
(Emaztea'k senarra'ri)
Arren "MAXANTIN" ez zaitez joan
urrundu beti kaltia,
atzeratuizu senar kutuna
gaurko itsasoratzia.
¨Ez dezu ikusten Arno aldean
odeien aldaketia,
eta gañera beldurgarrizko
dagoan itsas-aldia?
V
(Senarra'k emaztea'ri,)
Ikusten det, bai, orrek guziok
zer nai dezu egitia?
¨Ez al-dezu entzun nola jo duen
gaurko itsasoratzia?
¨Eta orduan nola nai dezu
ni emen gelditutzia?
(Emaztea'k)
Agur!... MAXANTIN, ondo ibilli...
(Senarra'k)
Agur!... Prantzizka maitia.
VI
Zenbat txalupa ta zenbat gizon!
Ainbeste gauza ederrak!
Zenbat orlako urperatu du
itsas gaiztoen indarrak!
Zenbat ekaitz txar artzen dituzte
arrantzalien bizkarrak!
sarri goizean pozikan eta
arratsaldian negarrak.