Jesus Zubeldia
Sein, Manuel (Txanpun, Xanpun)
1
Leku goxoa bezin maitea nola den Ondarribia
Alaitasun ta ere berdin da nortasunaren kabia
Egun batean xoko hortarik aize goxoaz balia
Airatu eta Ziburun egin du bere pausa aldia
Geroztik gure errexinola dugu Jesus Zubeldia.
2
Ondarribitik airatu ordu pausatu baitzen Ziburun
Bi kabi goxo eta maitiak ez dira elgarri urrun
Hor dauka beraz maitez hautatu xori pollitño bat lagun
Senide goxoz inguratuak ikusten ditugu egun
Erakutsiaz nola gintazken euskaldun ta fededun.
3
Zonbat talde den gaur zuri esker ibilki airoski kantuz
Zuk moldatua gaur dauzkan bozak zuzenduz bezala lantuz
Zer lanak eta buru hausteak denak zure kondu hartuz
Zerbeit ordaintza egin nai dugu omenaldi hau moldatuz
Gaur bereziki zure omena ta nortasuna goratuz.
4
Gizon argia zira bai buruz eta halaber eskuz
Gure xokoa alaitu duzu bai kantuz eta bai xistuz
Zuk dakizuna bertzeri ere agertu eta erakuts
Ahal guzia zabaldu duzu herri maiteari buruz
Egin gaituzun ongi guziez Milaka Eskerrak Jesus.