Izatea ala ez izatea
Salaberry, Etienne Joseph (So Egilea)
1
Izaitea eta ez izaitea
Ari dira
Guduka gure bihotzean.
Guduka
Nor den, kopeta iguzkirat
Nagusituko;
Nor den, belhauna erhautserat
Apalduko.
Nork gaituen bere alderat,
Nork gaituen bere mugarat
Besotik har-eta,
Nahi bezala helduko.
Izaitea, handi beharrez gose,
Ez izaitea, herabetasunez uzkur.
Izaitea suge,
Gure lehen ama baitzuen enganatu;
Ez izaitea ixtil,
Hartan baitzen gure lehen aita lerratu.
Izaitea ala ez izaitea,
Zer ote behar ginuke hautatu?
2
Nahi ginuke, Jesus Jaunak bezala,
Ukan, iturri,
Oneziaren
Otoitz eta ospatzearen
Izaitea.
Nahi ginuke, Jesus Jaunak bezala,
Ukan, leize,
Izpitasunaren
Urriki eta arrangura beltzaren
Ez izaitea.
Graziaz hunkiak egoitea gatik
Aurkituren dugu
Gure zainetan izaitea.
Eta baigira zorigaitzez bekatuaz hartuak,
Kausituren dugu
Gure hezurretan ez izaitea.
Izaiteak dauka ez izaitea,
Ez izaitean dago izaitea.
Hara nola kaskoak mail eta mail mendi gainerat
Hala
Izaitea ozka ez izaiterat,
Ez izaitea alhaze izaiterat.