Konfesiyuen gañian
Xenpelar
1
Berso berriak jartzera nua
iñork nai badu ikasi
nere burua sartu beardet
ortarako lendabizi
mundu ontako pasadizua
nai nuke adierazi,
asko gabilza arrokeriyan
Elizagandik igesi,
geren animaz oroi gaitezen
eztu galtzia merezi.
2
Eskolarikan eztaukat bañan
esango ditut egiyak,
zer sentenzia ekarriko dun
munduko arrokeriyak,
Elizarikan ikusi nai ez
beti festara begiyak,
beren buruak apaindu eta
nun dira erromeriyak...
gaztiak nola ibiltzen diran
badaki bersolariyak.
3
Pestara joan da gau ta gauerdi
beren buruak ondatzen...
zarrak berdintsu ikusten dira
oitura txarrak banatzen.
Mundu ontako bizimoduaz
jarri naiz konsideratzen,
anima galdu kulparik gabe
gorputza abandonatzen;
bukaera txarra guretzat dator
ezpagerade mudatzen.
4
Puntziyo eta erromeriyak
mundutarentzat egiñak,
bañan ez degu konsideratzen
nola dan buru-ariñak.
Errespetua guardatutzera
beti egin alegiñak,
edo bestela guretzat datoz
eternidadeko miñak.
¡Bere eskutik, arren, eduki,
gaitzala Amabirjiñak!
5
Eleizarako deboziyorik
ez degu artzen erdiyak;
orregatikan eltzen zaizkigu
kastigu izugarriyak.
Asko onela egoten dira
meza entzuten jarriyak
ausentziyan da arguriyuan
mingañaren pikardiyak.
Aditu nai ez duenik bada
itxi bitza belarriyak.
6
Eleizatikan atera eta
junta alkarren ondora:
bi deboziyoz baldin badaude
iru murmuraziyora.
Meza luziyan egondu gera
ezin pasarik denbora;
geren animak desanparatu
etsarayentzat mejora.
Oyek orrela gertatzen dira:
guazen konfesiyora.
7
Asko onela ikusten gera
esanaz: «¿konposatzera?
naiago degu pausua eman
aurrera baño atzera».
Urtian beingo jornada degu
mundua engañatzera;
modu orretan, pekatariya,
konbertituko etzera.
Bere anima entregatzen du
fariseoen etxera.
8
Urtian beingo konfesiyua
geienak gogo txarrian:
«egunez askok ikusten gaitu,
guazen illunabarrian.
Damurik gabe prestatzen gera
sazerdotien aurrian,
txikiyak esan aundiyak utzi,
irutatik bi gordian.
Beste munduan ageriko da
orrelakuak nor dian
9
Konpesantuta an esateko
kanpora atera artia
«munduarekin kunplitu degu
urte beteko pakia.»
Baña orrela ez da serbitzen
Jaunaren borondatia;
ordu batetik bestera dator
munduko errematia.
Pekatuarentzat itxia dago
zeruetako atia.
10
Barrabas dabil gu toriatzen
galtza gorriyak jantziya;
desanparatu dezagun ori
artu dezala etsiya.
Inpernurako izan ez dedin
animaren setentziya,
konfesio on bana egiyaz egin,
kunplitu penitentziya.
Obra onakin logra dedilla
zerurako lizentziya.
11
Pekatariya sartutzen bada
etsai gaistuen tartera,
ura andikan ateratzeko
¿bitartekorik ote da?
Ordu bi daude mundu onetan
konparaziyo batera
oriyek nola pasako diran
ondo kontubak atera;
biziyo txarrak engañatzia
animarentzat kalte da.
12
Batayotikan artu genduan
Jaungoikoaren graziya,
kontu ez dedin galdu zoruba
lenago irabaziya.
Guregatikan lajatu zuen,
Jesus'ek bere biziya;
ikusten degu nola daguan
gurutziari josiya,
bera serbitzen pasa dezagun
eternidade guziya.
13
Zar eta gazte, pobre ta aberats
maizter eta nagusiyak,
ez gaitzala, arren, desanparatu,
Jaungoikoaren graziyak,
Animarentzat kaltian datoz
gorputzaren maliziyak,
¿zertako dira tratuak eta
munduko irabaziyak?
Emen utzita juanak dira
oraindañoko guziyak.
14
¡Bertsolariyak zertako egiñ
bere burua justua!
Bestela pobre bizi naiz bañan,
pekatuz aberestua.
Alde batera utzi dezagun
mundu ontako gustua.
edo bestela etorriko zaigu
sententzien bat estua.
Jesus'engana biur gaitezen,
ez dago gutzaz aztua.
15
Animak garbi jarri ditzagun
al bada kristau guziyak,
eta irabazi, gogor eginaz,
etsayakiko auziyak,
Pekatutikan zer datorkigun
ondo gaude ikasiyak,
gero damurik ez du izango
mundua ondo biziyak.
Orretarako lagun deigula
gure Jaunaren graziyak.