Errezil da Erromako batallak
Xenpelar
1
Ogei eta sei bai urtez
Jesus baņon lenagotik
etsai gogorrak etorri ziran
gure kontra Erromatik;
bildur aundirik ustez etzuten
bada izango gugatik,
asmo gaistoak aldrebes irten
egiņ alegiņa gatik
euskaldunak garailariak
len, oraiņ eta beti.
2
Antisteo eta Firneo,
Marko Agriparekin,
Otabiano buruzariya
ere an zuten berekin;
iru tarderi etorri ziran
lau nagusitxo oyekin
banidadearen bandera
ongi zabalduarekin,
modu onetan-sartu ziraden
ausandi gogorrarekin.
3
Lenengo lanak atiak itxi
itsasoz eta legorrez
baņan etziran luzaro egon
arpegi eman bildurrez;
loa gabean ariņa eta
begiak alert egunez
beriala ziran balientiak
asi galdetzen lagunez
aita arren seme irten ziraden
arain letutzen degunez.
4
Goguan gorde litekeana
da seme oriyen esana
erromatarrak or datozkigu
peleatzera gugana,
aldan guziya biribillatu
bear degu alkargana.
bildurrek gabe sartu aurrera
gogor etsayarengana
bentzu dezagun indarrarekin
onuntza agertzen dana.
5
Uste etzutela samindu ziran
erromatar oyen farrak
Gipuzkoako mendi mutillak
ziradelako azkarrak;
buruzariak ere etziran
orientzako ain txarrak,
oņak ariņak, gorputz liraņak,
gogor berriz atzaparrak,
ainbeste gizonen mendean
gure probintzi bakarrak.
6
Asi arren etor berrian
erromatarrak gogorki
bost urtean zenbat pelea
galdu zituzten nork daki;
alegiņa egin det baņa
nik au eziņ erabaki
gerra gura baziran ere
aspertu ziran ederki
soldadu arro orgullosoak
jolastun egonak gatik.
7
Euzkaldunaren agintariak
ori entzutearekin
erantzun ziyon:-konforme gera
gu zuben esanarekin;
irureun mutill eskojitubak
emen dauzkat nik nerekin
azken batalla nai badezute
onela egin gurekin
buruz buruban etorri zaitezte
soldadu, onarekin.
8
Bear bezela kunplitu zuten
beren itz onorezkua
eskojituba zegoan bada
batallaraka lekua;
Gipuzkoaren onra aundirako
zelai bai Errezilkoa
makiņaren bai erromatarrak
biziya utzitakoa,
egun beretik da erri ori
esan dan izenekoa.
9
Ordu ta laurden iraun zuben
gauza gutxi gora bera
eta batalla beti bezela
mendi mutillen aldera;
erromatarrak iya guztiyak
erori ziran lurrera
Otabianok ikusirikan
beren jendearen galera
zer gertatzen zan laister bialdu
zuan Erroma aldera.
10
Albisda ori juan da laister
an Erromako errian
Senadu danak erantzun zuan
guztiz kolera aundian:
-Batalla irabazi dizute
txit errez beren errian
guk ori egingo degu
nai bada geren lurrian
gizonez gizon euskaldun oyek
etorri nai dutenian.
11
Uste gabeko erantzuera
arrokerizko orrekin
euskal mutillak berotu ziran
onra nai aundiarekin;
Oyartzunen zegoan etxe bat
Lartaunen izenarekin,
ango gallai bat giyari berriz
eun mendi mutillekin
peleatzeko pozez juan ziran
bada danak elkarrekin.
12
Erromako Tiberiok
ibayaren erdian
zelai eder bat antxek zegoan
guztiz leku agirian;
esolezia zeukan agiņa
guztiz arreta aundiyan
berreun gizon peleatzeko
itxitu arren erdiyan
iges lekurle iņora ezta
etsaya berriz aldiyan.
13
Erromatikan irten ziraden
batallarako lurrera,
Kantabriatarrak arrimatuaz
ibayaren baztarrera
beren gabarra zulatu eta
bota zuten ondarrera;
erromatarrak ikusten zeuden
mendi mutillen sarrera,
salto eta brinko igaro ziran
zelaitxoaren gaņera.
14
Erromatarrak albora ziran
etorri galdetutzera
ia zer bidez botatzen zuten
ontzi ura ondarrera;
kantabriatarren buruzariak
erantzun diye ostera:
-Lenengo lana oraiņ guazen
zelayan peleatzera
eta ondoren zuben gabarrian
an gera beste aldera.
15
Noizbait biar da bildu ziraden
peleara elkarrekin,
bi aldetako buruzariak
eun bana gizonekin;
lizar makillak orduko armak
puntan bayonetarekin,
biotzak salto egingo zuben
ayek ikusiarekin,
erromatarrak gelditu ziran
lenengo golpearekin.
16
Ogei ta bat gizon ziraden
illak kantabriatarri,
larogei eta geyago berriz
oyek erromatarrari;
euskaldunak irabazirik
batalla sonatu ori
instante artan eldu zioten
etsayaren ontziari
era betiko erendu zuten
Transtiberiako lur ori.
17
Erromako presidenteak
Senaduko itzarekin
euskaldunai au esan zion
frankeza guztiarekin:
-Alkardadian bizi nai degu
araiņ aurrera zubekin
seme ordeko nai badezute
izan ill arte gurekin
egingo degu geren alabak
emazte emanarakin.
18
Euskaldun oyek animaturik
guziyak baten itzera
erantzueran esan ziyoten
jaun prestu orri ostera;
-Jarriko gera zuben alaba
onan senar izatera
pake gozuan gerta gaitezen
gu alkarrekin aurrera,
anajetasun guziarekin
Erroman biziko gera.