inprimatu
Jauregia eta echola
Izenburua:
Jauregia eta echola
Sinadura:
Otaegi, Klaudio
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Otaegi, Klaudio

Argitalpena:
Euskal-Erria.
Urtea:
1886
Argitalpenaren urtea:
15
Alea:
Orrialdea:
498-501

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Jauregia eta echola

 

Otaegi, Klaudio

 

 Lorez jantziak daude zelaiak,

 Choriak gor-gor kantari,

 Agur zoroak egiñaz Zeru

 Lurraren Egilleari;

 Izate ederrak arrigarrizko

 Galak jantziak daukazki:

 ¿Nola ez begi biotz, zentzuak

 Zeruronz begira jarri?

 Aronz onontza nabillelarik

 Sagardi loretsuetan,

 Ikusitzen det eche polit bat

 Arbol adar tartetikan:

 Itsas-kaioren ichura zaio

 Ematen urrutitikan.

 Eta dirutsu baten jauregi

 Ederra urbilletikan,

 Apaindurikan bere kantalak

 Dorre lirañ galantakin;

 Chimist-kontrako punta churi bat

 Gallurrean du berekin:

 Atze, aurre ta ertzak daukazki

 Nabarri ta marmolakin,

 Bista kendutzen diola bati

 Kolorezko distiakin.

 Indietako abeak ditu;

 Zuaitz santuzko oldurak;

 Bazter danetan dituztelarik

 Banatutzen usai onak;

 Ichagoi eta barren paretak

 Nasarre  piñez egiñak,

 Egoaldeko aize biguñaz

 Eguraztuak lo gelak.

 Sarjin loretsuz beteak berriz

 Bere ingurumariak;

 Arboladirik orritsuenak

 Egiñaz itzal aundiak:

 Arroketatik saltoka doaz

 Ederkiro iturriak,

 Moldatuaz ¡ai zeñen egoki!

 Uramil ikusgarriak.

 Kostu aundiko kocheak eta

 Zaldi ongi tresnatuak,

 Urrezko brida eta koskabill

 Zillarrezkoz apainduak,

 Irrinz egiten dute arrosko

 Alchaturikan buruak:

 ¿Nork esan emen ikusten diran

 Aunditasun ta lujuak?

 Intenziorik gabe noskiro,

 Onen kontra ipiñia,

 Echolacho bat arkitutzen da

 Bere alboan jarria:

 Gaña du lasto, arto makilla

 Eta garoz estalia;

 Eta paretak zotalezkoak

 Adirazten miseria.

 Tellatutikan zaiozka sartzen

 Ugariro eurijasak:

 Chintistargiak, elur urtuak,

 Kazkarabar ta bisutsak;

 Eta zirriztu zuloetatik.

 Gau ta egun aize otzak;

 Zorigaiztoro, mendi oetan

 Maiz sortzen diran ekaitzak.

 Atsekabe ta samintasunez

 Bere anima beterik,

 Biotz berako jakintsu batek

 Guadalei au ikusirik,

 Onela zuan oju egiten

 Su eta garrak arturik:

 -¿Izan diteke desberdintasun

 Madarikatuagorik?

 Batzuek daude diruz beteak

 Zer egiñ ez dakitela;

 Besteak berriz beti beartsu

 Eziñ bizirik iñola.

 ¿Zergatik zuten zeruak egiñ

 Mundu naasi au onela?

 ¿Ez da izango ibar onetan

 Justizirikan sekula?

 Zer nai, ura du, bere bizian

 Jauregi orren jabeak;

 Jaiki ederrak, jaki bikañak,

 Edari paregabeak;

 Luma biguñez egintako oiak,

 Sedako kurtinajeak;

 Ez dira bizi obetongo

 Sortaldeko Erregeak.

 Lo egiten du lasai; ez du zer

 Pensa bigaramonean;

 Seguru dauka etorkizuna;

 Ardurarik ez echean;

 Etziran ezer Olinpon zeuden

 Jainkoak oen aldean;

 Bada, aiñ ongi da bizi beti:

 Eta bien bitartean,

 Beartsuaren bizimodua

 ¡Zeñen ikaragarria!

 Atseden gabe ta jan urrian,

 Dariola izerdia,

 Egunsentitik illuntzeraño

 ¡Gaiso kupidagarria!

 Beti lanean iñondik eziñ

 Irabazirik ogia!

 Eta nekeak auldurikan

 Etzan erazitzen badu,

 Arria eta lasto ezea

 Besterik arkitzen ez du:

 Eziñ biziak erakarritzen

 Dio milla pensamentu,

 Eta begiak ichi gaberik

 Jaiki bear izaten du.

 ¡Igingarrizko anima mintzen

 Dezun desberdintasuna!

 Beartsuari kentzen diozu

 Jateko bear duena;

 Eta ematen aberatsari

 Eziñ gasta dezakena:

 ¡Erdiratzeko aski zerade

 Biotzikan gogorrena!

 Koplari batek esaten dio

 Lantu oek aditzean:

 -Adiskidea, etzera ongi

 Mintzatzen nere ustean:

 Ez liteke esan orrelakorik

 Berdiñezaren gañean,

 Jakiñ ezkero zer dan pasatzen

 Eche oen barrenean.

 Mundu ontako atsegiñ asko

 Utsirudiak dirade;

 Doakabego dala pobrea,

 Duena baña, ez uste:

 Zeren eskean dabillen ura

 Egunoro atez ate,

 Askotaz ere doatsuago

 Benturaz izan diteke.

 Ongi izatea, ez dago jaki

 Eta edari gozotan:

 Ez eta ere echeder, jazkai

 Eta koche panparroitan:

 ¿Zenbat chori ez dira ikusten

 Zillarrezko kaiolatan,

 Pallakatu ta bazkatu arren

 Bizi naian arkaitzetan?

 Jauregi ortan bizi dan jauna

 Beti da triste arkitzen:

 Mai ugaria paratu arren,

 Ez dio gustorik artzen:

 Galdua dauka urdalla, eta,

 Ez dio ezer eskatzen;

 Eta gogotik jan ordean du

 Ikusi utsak naskatzen.

 Oi arrotuan etzaten bada,

 Bere eziñ egonarekin,

 Jirabiraka gelditu gabe

 Lorikan eziñ du egin;

 Eta barrena oñazatua

 Senti dituen kezkakin,

 Biraltzen dio milla arrenkura

 Zeruari urruñakin

 Gela apainduan kaiolatua

 Eziñ du irten kanpora,

 Sagusar edo gau-egaztiak

 Bezela, gauaz ezpada:

 Bizimodu aiñ mendekoakin

 Oso ernegatutzen da,

 Eta egun bat onik munduan

 Irago gabe iltzen da.

 Baña echola orren jabeak

 Beste bizimodurik du:

 Choria beziñ ariñ eta argi

 Beti bizi da kontentu;

 Auzoak dute barrentatutzen

 Parretsu eta jostallu,

 Zeren munduan ongi izateko

 Gauza chit guchi aski du.

 Lan egiten du lurra landutzen,

 Kopla garbiak kantari,

 Mardul dedilla erne azia,

 Eskatuaz zeruari;

 Eta lekurik eman gaberik

 Pensameutu gaizto bati,

 Ain churi dauka bere barrena,

 Non lirio bat dirudi.

 Izan ezkero talo, esne ta

 Pitarra egunoroko,

 Gurtzen dituen emazte garbi

 Eta aurchoai emateko,

 Jaungoikoari ez dio beste

 Ondasunik eskatuko;

 Baizik eskerrak otorduetan

 Biotzetik biraliko.

 Nekeak dio gorde erazitzen

 Osasuna miñikabe,

 Ezabiziak erabilliaz

 Gorputzean geldi gabe:

 Eta aiñ urriak dira sentitzen

 Dituen premiak eze,

 Janaririkan lelarena du,

 Izokia dala uste.

 Patu gaiztorik ez da sekula

 Sartu echola orretan;

 Eta gauaz lo, ametsik gabe,

 Eta egunaz beti lan,

 Doatsuago da gizon ori

 Lasto piskaren gañean,

 Ez beste ori oi lumazkoan

 Eziñ egiñik lorikan.

 Esan zaidazu, aditzen zauden

 Adiskide jakintsua;

 ¿Zein da obea, zure ustean,

 Orien bizimodua?...-

 Pensatutzen zan abian jarri

 Makurturikan burua,

 Eta eranzun zuan, esanaz:

 -Nere koplari prestua,

 Jaungoikoaren Probidentziak

 Guzia du ordaindutzen:

 Bizitz ontako itsas naasian

 Du obeto ugarotzen

 Guchi duenak, bere burua

 Doatsu badu sentitzen,

 Eta ez asko duenak, iñon

 Ezpadu onik arkitzen.

 Ez da, egiaz, aberatsago

 Diru geiago duena,

 Baizikan Jaunak emanarekin

 Kontentu izaten dana:

 Ondasun asko duenak nai du

 Konde, Dukeren, izena,

 Eta ondoren Kortean danik

 Mallarikan aundiena.

 Eta iristen dituenean

 Onore ta nobleziak

 Esaten dio barruan beti

 Pizturik daukan argiak:

 "¿Zertako dituk ibar ontako

 Zoriontasun guziak,

 Ezpadik ate zerutarrikan

 Irekitzen atezaiak?»

 Arrazoi dezu, ezagutzen det,

 Nere koplari maitea,

 Dirua baña obea dala

 Konzienziko pakea;

 Eta, utsa da urre tartean

 Jaio eta bizitzea,

 Baldin badauka izpiritua

 Betiro kezkaz betea.

 Billa dezagun bada, bakarrik

 Barrengo lasaitasuna;

 Bere antzera Jaunak sar zigun

 Aizeren garbitasuna:

 Zeren doatsu bizitzeko da

 Gauzarikan oberena,

 Eramatea ondo munduko

 Naigaberik aundiena.

 Egiak dira esaera zar

 Danak nere irudian,

 Eta iduki arrigarrizko

 Ause beti memorian:

 Izan diteke doatsuago-

 Pobrea bere echolian,

 Erregerikan aberatsena

 Baña bere jauregian.-"

 


inprimatu