Argelgian zehar
Ormazabal, Mikel
Apirilaren hemezortzian
aurtengoz asteazkena
Aste Santuko oporraldiak
hasten ziren egun lena,
gauean Bilbon elkartutzeko
jarri genduan ordena
handikan hartu behar genduan
Madrila juateko trena.
Ostegun goizez Madrilen ginen
gaua trenean egina
lo zurrunkaka batzuak eta
besteak egon ezina
chamartindikan Barajasera
han hartzeko egazkina
oraindik inoiz ez zuen lelo
huraxe zan atsegina.
Ordubete ta laurden batean
jeitsi ginan Argelian
egin genduan lenengo gauza
leku hartu hostalian
apari lege baten ondoren
bueltatxo batzuk kalian
hango alkolakin ezin euki
zirrosisik gibelian.
Argelen andrak ibiltzen dira
izarakin estalita
moko zapi bat bandidoak lez
sudurretik zintzilika
gizonak txapel berezia ta
apaizen gisa tunika
umeak berriz kale erdian
baloi atzetik korrika.
Hunkigarriak dira benetan
kortesia azaltzean
bi musu ematen dizkiote
beti masail bakoitzean,
ezezagun bat agurtutzeko
bostekoa luzatzean
beren eskuri muñ eman eta
jartzen dute bihotzean.
Argeliarrak parranda egiten
gauetan nonbait eztaki
euskaldunon esaera zar bat
betetzen dute ederki
«luzaro bizi nahiko bazendu
osasuntsu ta egoki
oiloen garaian oheratu
eta txoriekin jaiki».
Ostiralean jarri ginaden
Kabyliara begira
lendabiziko Tizi-Ouzoura
ondoren Beni-Yennira
Tikjdatik pasaz, lo egiteko
ondo zetorkigun Bouira
guk egindako planak ordea
gutxitan betetzen dira.
Kuskusa probatu behar zala
ta Beni-Yennin aukera
baina batzuk laster izan zuten
plater hortatik sobera
ardoa debekatuta zegon
ura ure mal gainera
beti horrelabaten bagendun
zertara juan komunera.
Larunbatean Tizi-Ouzoutik
berriz ere Argelera
hiru ordu autobusean ta
berriro autobusera
handik Biskrara heldu orduko
seirak gutxi gorabera
autobusean ibiltzetikan
gaur behintzat osatu gera.
Biskra, Rufi ta El Ouedera
hau da gure trabesia
gero Gardaian hiru bat egun
nahiko parada luzia
El Goleara ere jun giñan
baina hau da desgrazia
ezin ikusi izan genduan
hango oasis gazia.
Merkatu beltzean zulatzea
buruan dabilkigula/gizon bat
hor nun hurbiltzen zaigun
guk nola eztakigula
beren etxean tratua egin
holako trantzik sekula!
nere barnean neukan larria
ezin nuen disimula.
El Goleatik hegazkinean
berriro ifarraldera
Aste Santuko gure oporrak
hemen dute amaiera
gero etxean lenengo hitza
seme nun ibili zera?
a ze nolako moro usaia
ekarri dezun etxera!