Xalbador Urepelekoari
Alkat [Alkhat], Ernest (ipar Haize)
1
Mendi gainetik beha Euskal-Herriari
Parabisuko auzo nork zitu ezarri?
Mintzo naiz Urepele herri maiteari
Bai ta zuri Xalbador hango semeari
Zure nortasunean hartzen dut hazkurri.
2
Zuri eskaintzen ditut oraiko bertsuak
Xumeak dira, bainan zintzo ta kartsuak
Nere goresmenekin her nere musuak
Hasieran gintuen hoztasun sasuak
Erre bitza betikotz bihotzeko suak.
3
Gorputz mehar batean zer bihotz larria
Etsituen aurrean izar gidaria
Sendatzen badakizu ahul ta eria
Nigarraren lekuan ezarriz irria
Hain da zure mintzoa kontsolagarria.
4
Eskuara eman duzu mailik gorenean
Aberria altxatuz denen aintzinean
Izpiritua duzu mundu zabalean
Batean amodio, Jainkoa bertzean
Ezin erranik ez da zure mingaņean.
5
Hitz sarkor berekilan guziak aipatzen
Egizko iturria ez zaitzu agortzen
Haur bat sortzen delarik edo hura hiltzen
Zure solasek dute zeruetan sartzen
Zoin sainduek zaitute horrela argitzen?
6
Bertsutan entzun zaitut jada asko aldiz
Euskal-Herri orotan noiz nahi ibiliz
Beti zure erranak samin eta bortitz
Bihotza zabaldua, aurpegia zoin hits,
Iduri gutarterat jin zaukula, Mois.
7
Justizia, bakea ta zuzentasuna
Jainkoa ere usu, berdin maitasuna
Izpiritua zonbat aberats duzuna
Muga gainetik doa zutaz oihartzuna
Bi aldetan baitutzu egin batasuna.
8
Sortzetikan bertsuak izan ditut maite
Ahal guti dut bainan badut borondate
Barkatu zuk, Xalbador, egin badut kalte
Zuhauri mintzatzeko amentsa dut bete
Zu iduririk ez da sortu orai arte.