Pilota euskal jokoa
Alkat [Alkhat], Ernest (Ipar Haize)
1
Bidez bide nabilanean balio du ikustea
Neure herri xume polita zertaz ote den betea
Guzien gainetik, Eliza da xutik
Ta gero arrabotea
Hor bizi baita aspalditikan gure pilota maitea.
2
Sortu izan den pondu hartarik pilota euskal jokoa
Ttiki ttikitik izaten baita horren ganako gogoa
Behar da bihotza, harekin gorputza
Beso buru ta zangoa
Euskal-herriak bakarrik zuen horrendako nahikoa.
3
Gauza biribil gogor bat da delako gure pilota
Bere ahalen indarrarekin nornahik lezake bota
Eskuz ta xixteraz, eskuin ta ezkerraz
Denetan joko polita
Kintzea maizik nekez egina erretxago aldiz falta.
4
Euskaldunak bakarrak gaude joko eder horren jabe
Geure lurra agertu baitzen su gar handi horren labe
Zonbat pilotari, munduan ezarri
Denendako balte hobe
Euskal umerik ez da handitu pilotan arizan gabe.
5
Pilotarien ikusterat jitean kanpotiarrak
Xoraturik dagotzinetan badira segur bakarrak
Xahar ta gaztenak, pilotari denak
Oi zonbat diren azkarrak
Horiek oro Euskal-herriko arbol beraren abarrak.
6
Zonbat burraso ez ote dira oral hasten gogoetan
Kirola, horren maitatzaleak gutti direla gaztetan
Bihotz ta arimaz, berriz ditela has
Izerdi hartuz kopetan
Pilota zaindu behar litake herria salbatzekotan.
7
Joko eder heu noiz sortua zen nik ez dut ongi ikasi
Denbora hartako jendeak zeru gainean dagotzi
Menderen mendetan, ar gaiten pilotan
Ez otoi hori ehortzi
Sekulan santan ez baiginuke Euskal izenik merezi.
8
Euskal semeak barreiatuak mundu zabalean gaindi
Beti aurrerat doa pilota, ez ditake nehoiz geldi
Altxa eta harro, orai eta gero
Airez aire ibil bedi
Esanez bizi dela pilota, bizi dadien Euskadi.