Kaliforniarat joaitean
Alakt [Alkhat], Ernest (Ipar Haize)
1
Ai zer plazerra sei urten burian Iholdiren ikustea
Geroztik nola kanbiatu den herria eta jendea
Halere beti berdinik dago ama horren izaitea
Lehen bezala beti hor dauka nere ametsen betea.
2
Horra sei urte dituztala nik horiek denak utziak
Eta oraixet hor utzi behar maite dituztan guziak
Zer nigarra eta nahigabeak hazten dituen biziak
Nere herria berriz utzirik horiek dira neuriak.
3
Zonbat kantaldi ta irrintzina emanik lehen plazetan
Guk zonbat irri ere eginik Iholdiko plaza hartan
Orai hementxe bakarrik nago, bakarrik Ameriketan
Berriz gibela etor nadien gau-egunez pentsaketan.
4
Zorionekin erran behar dut aurten kusi dut herria
Utzi nintuen xahar-gazteak eta ere familia
Airatu behar izan dut berriz, otoiztuz Jainko maitea
Orai ta berdin gero dezadan konplitu haren nahia.
5
Joan nintzalarik ttipi zirenak geroztik dira haunditu
Aingeru zonbait sortu ta ainitz Jainkoak bereganatu
Kalifornia xokotik nauzu halere denez orroitu
Ta guzieri bozkarioan egun egiten dut kantu.
6
Airatuz geroz bere herritik nola oro kanbiatzen?
Hainbertze goiti beheiti trixte biziak baitu agertzen
Ahantziz oro, zeruko ama, zuri derautzut galdatzen
Lagun nezazun Eskual-Herrirat luzatu gabe itzultzen.
7
Amerikaren fama ederra hola lehen kurritu zen
Palazio xoragarrietan jendea zela bizitzen
Bainan han ere duzu antzara bere mokoaz alatzen
Han Amerika izana gatik lan egina da pagatzen.
8
Eskual gazteak bazinute ba hunat jiteko amentsa
Printze lekurik baditakela ez dezazuela pentsa
Hor gaindi xuri ditaken gauza hemen ere ez da beltza
Zaudezte bada Eskual-Herrian, naski baitzirezte ontsa.
9
Hemen oraitxet egoiteko nik egin behar tut indarrak
Bainan zer ez du egin-arazten mundu huntan oi beharrak?
Jakin zazue bertzetan ere dira pena ta nigarrak
Kalifornian ere guti du uros egiten dolarrak.
10
Munduan bizi naizela orai hogoi ta hamabi urte
Bertsu egile izan da beti gure arraza Alkhat-e
Egun haukiek eman izan tut on zelakoan nik uste
Oroz gainetik oror delarik erran nahi: Ikus arte.