Herri Urrats gogoan
Alkat [Alkhat], Ernest (Ipar Haize)
1
Mila kezka ta pataska, hola bizi da Seaska
Esperantzaren indar berriak oraino badauzka
Zatoz gurekilan lauzka, Euskara dezagun aska
Bide luzea daukagu eta goazen urraska
2
Duda izpirik ez ukan maiatzak duen hamekan
Senperenaino etor gaitezen kantuz errepikan
Bertsu dantza ta musikan, zangoak bustiz errekan
Ikus dezagun gure hizkuntzak geroa nun daukan
3
Zu ikastolako haurra edo burraso suharra
Ez etxean utzi aitatxi eta amatxi xaharra
Ekarri zuen indarra, badugu denen beharra
Salbatzekotan Euskal Herria ta gure Euskara
4
Etorkizunari zina zazpi haurridek egina
Denek begiak zabal ditzagun ordua da jina
Seaskaren gaurko mina ez da sendatu ezina
Herriarekin urratsez urrats, elkartzen bagina.