Emaztea
Alkat [Alkhat], Ernest (Ipar Haizea)
1
Orai artean gizonen soaz emaztea zen ikusten
Bainen ohartu gabe begiak lanbrostatuak zituzten
Emeztearen edertasuna horrela itsusten zuten
Hanbat sofrituz baita gizona bere urgulutik jausten
Dena beretzat nahi duenak guti du bertzeri uzten.
2
Mundu huntako bizia noizbait emazteak du loratu
Jaunak Adami eman lagunak merezi du errespetu
Suge tzar batek enganaturik eginik ere bekatu
Mile mespretxu gizonen gatik geroztik ditu pairatu
Nun behar zaion bekatu hori barkamenduz lurperatu.
3
Lehen lehenik emaztekiak handle du nortasuna
Gizonek ezin hartuzkoa du deraukan umiltasuna
Neurri gabeko bihotz bateen ahantziz ilhuntasuna
Familiako iguzkia da etxekoen osasuna
Hortaz umexurtx den etxe batek salhaturik dut entzuna.
4
Goxotasunez iduri duzu hego aldeko haizea
Badakizula nola ezezta bihotzak duen gosea
Zure laneko eguna beti dorpea eta luzea
Eritasunak jotzen bazaitu gizonarentzat galtzea
Zutaz gabetzen den etxaldea errex de ezagutzea.
5
Emaztekia gogoan hartuz askotan nigarrez nago
Gizon bihotzak nolaz ez dion libertaterik emango
Harek hoinbertze eskaintzen eta guk eskatzen gehiago
Zikoitzkeriak zilatua den leize handi bat badago
Beti gizona jaunen jaun eta emaztekia esklabo.
6
Ez dut aipatzen andrea eta ez dut aipatuko ama
Zure ganako zorrari buruz bide hertsitik derama
Gizonarentzat zorion bada zuretzat ardura zama
Kreatzearen tresna zirela ez dezagun otoi asma
Neurri onean zu eskertzeko ezin baigintaizke berma.
7
Zapaldua da emaztekia gizonak arrak baitira
Denen nagusi nahi duenak bertzeak bota azpira
Gure gogoan behar litaizken pentsa moldeak balira
Erran ginio elgarren pare Jainkoak eginak gira
Gelditu gabe kabalen gisa beti gorputzer begira.
8
Begi berriez nahiko zaitut gaurretik goiti ikusi
Gizonak duen urguluari agertu zaiten nagusi
Gezurrez eta ttipikeriez zaituztelakotz errautsi
Orai arteko ixiltasuna otoi berehala hautsi
Berdintasunak sortu munduan elgarrekin gaiten kausi.