Atzokoari behatuz biharkoari so
Alkat [Alkhat], Ernest (Ipar Haize)
1
Hogoi garrena den mende huntaz senditzen du gorrotoa
Zorigaltzeko ildo trixtean gibel alderat baitoa
Erorkor eta aldakorra da iduri luke ostoa
Lan gabezia daukagularik hanbat gazten min gaixtoa.
2
Min gaixto hori sartua zaiku Euskal-Herriko xokoan
Zauri berdinak egiten ditu iparrean ta hegoan
Bainan ez otoi lehen bezala denak utzi eta joan
EH den amak nahi lituzke bere semeak ondoan.
3
Lur hunek dauzkan lau hegaletan badirade Euskaldunak
Norbaitek saldu aments dixtirak bereganatu dauzkunak
Nunbait dabiltza ezin ehortziz beren urriki ilunak
Ahuleziak lapurtuz geroz esperantzazko egunak.
4
Horiek ere gureak ziren egun ez bota harririk
Borroka gaiten gaurretik goiti ez dadin joan berririk
Ez asma ere etorriko den iduzki edo izarrik
Lan gabezia ez da kenduko ukurtu gabe bizkarrik.
5
Euskal semeak, euskal alabak zabiltzate erdi lotan
Madril'ek edo Paris'ek eman amoin txar baten asmotan
Beha zazue zenbat lan baden gurea den Herri hontan
Hanbat ordainduz arrotz batzuek egin beharrak askotan.
6
Garbizkitzue ustel zorian ditugun ibai ainitzak
Berriz zutitu diru eskasez lurrean dauden egoitzak
Doi bat antola herrietako bide estu eta hitsak
Mendietako piņuak kenduz berriz landatu, haritzak.
7
Zendako utzi gure legeak frantsesen aztaparretan
Arrain hazkuntza egin lehenik, gero ezarri uretan
Itsaso hori arraintsu bada nori gindaizke zorretan
Euskal arraina hobe litaike euskaldunen mahainetan.
8
Elkartasuna susta zazue bakotxak zuen lekuan
Herri gizonen laguntza ere izan ditaike orduan
Geroa zaila agertzen bada ez utzi bertzen eskuan
Edozoin gerla irabaztekotz ari behar da guduan.
9
Erakaspenez argizkitzue erortzen diren bertzeak
Droga bidetik baztertu ditzan maitasunaren goseak
Ezezta ere adin bateko ezinduen oinazeak
Gazten loreak onhartu ditzan xaharraren baratzeak.
10
Hala beharrak ekarri gaitu mundu nahasi batera
Leize hortarik gaurko gazteak hola behar du atera
Batzuek lanik ez dute eta bertze batzuek sobera
Elgar laguntzen ikas dezagun bihotzetik bihotzera.