Ameriketako anaier
Alkat [Alkhat], Ernest (Ipar Haize)
1
Duela orai urte bat hurbil bihotz on bati eskerrak
Nere begiez ikusi ditut Amerikako bazterrak
Kalifornian bizi diraden Euskaldun zinez suharrak
Aldaxkak urrun zabaldu ditu Gernikako haitz zaharrak.
2
Zorionekin sartu bainintzan Chinoko herri maitean
Ongi etorri egin zautaten han familia batean
Letxeriekin behiak eer trumilka ziren aldean
Biziko egun goxoenak nik pasa tut hoien artean.
3
Harat joaiteko nere baitarik izanen bainintzan lotsa
Joanez geroz egon behar da, behar aizina ta sosa
Laguntza gabe bidaia hortaz ongi ez daiteke goza
Hortakotz hemen ez da kausitzen hangoek duten bihotza.
4
Euskal-herritik guziak noizbait joan baitziren ihesi
Arrotza zuten toki batean bakotxa lanean hasi
Elgar lagunduz amodioa ezarri zuten nagusi
Ta hemen denak bizi girade bat bertziaren jelosi.
5
Amerikatik sort-herriraino zerauzkularik etortzen
Heietaz doi bat baliatzeko xedeaz gira jabetzen
Iduri eta heiek dirua harrapaka duten biltzen
Hek jasan penak ta izerdiak ote ditugu senditzen?
6
Frango errexki bizi badina hamarretarik zortziak
Lehen iragan urte luzeak ez dituzte ahantziak
Astoa eta zakur batekin hartu zituen mendiak
Hernia bat ere, zaint zitzatela milaka bertzen ardiak.
7
Hoietaz dutan orroitzapena nerekin baits betiko
Bihotz bihotzez maitatu ditut nolaz ditut ahantziko
Chino, Puente Las Vegas ere hoiekilan San Franzisko
Dezadan erran on zareztela guzietan bizitzeko.
8
Sendimenduak igor banintza han diren Euskalduner
Ene bertsuak, ene solasak ez litazke aski eder
Kaliforniar behi deizleak baratzezain ta ostaler
Zuen artean egon den batek goraintzi dautzue dener.
9
Hortik nigarrez itzuli nintzan zuen uzteaz aski lan
Bertze aldi bat jinen naizenez Jainkoak dezake erran
Ez zeraituztet adixkideak nik ahantziko sekulan
Nere eskerrak bihurtzen ditut zuer Kattalin ta Seņan.
10
Maitatu jender kantu egiten banuke ixtant baten gai
Euskaldungoak zuen artean guti duelakotz etsai
Elgar atxikiz elgar maitatuz egon gaiten beti anai
Adiorikan ez derautzuet bakarrik dautzuet Good bye.