Ikastolen eguna
Mendiburu, Jean Pierre
1
Entzun anai ta laguna:
ene dei goxo leguna
Atsegin berri bat elgarrekin laster biziko duguna
Uztailaren bian Arrangoitzen da «Ikastolen-Eguna».
2
Izan dezagun axola:
Bizi dadin Ikastola.
Arbolak bere mintzairan entzun dezan ber'errexiñola,
Gure mintzaira eder maitea, ez dadien gal nihola.
3
Haurrean ikasiz hobe
Izaiteko arras trebe.
Ait'amak bezala izan diten haurrak eskuararen jabe!
Zer ote laike gure herria eskual mintzairea gabe?
4
Amen bihotza ez urra:
Maita eskuara ta lurra.
Argiratuz heure nortasuna kasa arrotzen beldurra,
Oraidanik herriaren alde berma hadi eskual haurra!
5
Erakaspen bat eztiki:
«Eskuara bizi atxiki!»
Jakintsun hoiek ere diote ederra dela biziki.
Haurrak ikasazue eskuara ez izaiteko urriki!
6
Eskual seme ta alaba:
Ez zaitzala deusek traba.
Haur maiteak zuekin etorriko da herrira goiz-alba
Eskuara eta Eskual-Herria ditezen betikotz salba
7
Eskuararen sustatzera,
Ikastolen laguntzera:
Etor zaitezte nonbre haundian gurekin libertitzera
Ikastolen pesta ederrera etorri Arrangoitzera!